
Altsasuko Basaluzeko dorrea. Honelakoak ziratekeen telegrafia optikoaren Goierriko lau eraikinak ere. Denak desagertuta daude. / Guaixe
Hari bidezko telegrafo elektrikoa 1855ean jarri aurretik, urte gutxi batzuetan telegrafia optikoak bete zuen mezularitza azkarraren zerbitzua. Muinoetan estrategikoki eraikitako dorreen gainean optika sistema bat jarri, eta dorre batetik bestera kodetutako mezuak bidaltzen zituzten. Estatuko gobernuak eraiki zituen lineak, eta koroaren nahiz militarren zerbitzurako erabili zituzten.
Iberiar penintsulan lau telegrafia optiko linea nagusi egon ziren martxan, 1844-1857 bitartean. Madril-Irun lineak, 9 sekziotan banatuta eta 52 dorrerekin, Goierri zeharkatzen zuen. Dorre batek hurrengoaren eta aurrekoaren begi bistan egon behar zuen, lerro zuzenean optikoki igortzen eta jasotzen baitziren. Mezu batek Irundik Madrilera iristeko, adibidez, lau ordu behar zuen.
Dorrezainek gobernatzen zuten azpiegitura bakoitza, mendi gainetan kokatuta. Harlanduzko harriekin eraiki zituzten. Behean, militarki defenditzeko leiho estuak zituen dorreak, eta sabaian edukitzen zuten haga eta polea bidezko transmisio tresna.
Lau dorre Goierrin
Madril-Irun linean, Altsasuko Engaratik sartzen zen telegrafia optikoaren lerroa Goierrira. Hain justu, Altsasun Basaluzeko dorrea da egokien mantendu den bakarra, iaz berritua. Goierrin lau dorre zeuden, gaur egun denak desagertuak. 4-5 kilometro zeuden tartean.
Etzegarateko dorrea zen lehena Gipuzkoan, Larrozkondoko parajean, 759 metroko garaieran. Hark Segurako Santa Barbarako dorrearekin (536m) komunikatzen zuen. Bi eraikinak Jose Joaquin Aseginolaza hargin maisu idiazabaldarrak egin zituen, 1845ean.
Hurrena, Olaberriko dorrea zegoen, Segurakotik 5.958 metro zuzenera. Arramena parajean egongo zela uste da. Azkenik, Altzagako dorrea Altzagamendi muinoan zegoen (532m). 1983an desegin zuten guztiz, larre bihurtzeko. Jose Zufiaurre Goiak ikerlana badu.