Haizea Zurutuza • Hazia loradenda (Beasain)
Landare bat etxera eramaten dugunean, landarea espaziora egokitu beharko da. Ezinbestekoa da landareak behatzea, behar duten ur kantitatea nahikoa duten edo gutxiagorekin hobeto dauden ikusteko. Hasiera batean ez gara konturatuko, baina denborarekin noiz ureztatu eta landareek zenbat ur beharko duten interpretatzen jakingo dugu.
Landare gehienak ur gehiegirekin ez egoteko trukotxoetako bat lurraren kolorea ikustea da: marroi kolorekoa eduki behar da. Izan ere, loreontziaren goiko aldeko lurra heze dagoela ikusten badugu, beheko aldean oraindik bustiago egongo da. Plateretan ura ez da denbora luzez pilatzen utzi behar, hala gertatzen bada intsektu eta gaitzak izateko aukera gehiago izango baitugu.
Bestalde, ureztatze ohiturak zehaztea da, maiztasuna finkatzea da egokiena. Eta lan hori pertsona batek egiten badu, landarea gehiegi ureztatzea ekidingo dugu. Ureztatu behar den kopurua bi txandatan botatzea komeni da.
Landare bakoitzak bere beharrak
Era berean, garrantzitsua da ohitura batzuk hartzea landareak zaintzeko, ureztatzeko edo ongarritzeko, landare guztiek ez dituztelako behar berdinak. Garoak, esate baterako, ura mantentzea behar du eta lekuaren arabera astean bitan ureztatu beharko da. Kaktusak, aldiz, 2-3 astean behin ur pixka bat ematearekin nahikoa du. Ureztatzeko lan gutxiago izateko, hidro-loreontziekin ia erabat ahaztu gaitezke landareez; beren kabuz ureztatzen duten loreontziek gugatik egingo dute lana.
Dena den, landareak zaintzeak, ureztatzeak, txukuntzeak lasaitasun handia ematen dio jende askori. Eguneroko neke eta buruhausteak momentu batez alde batera uzten laguntzen die. Posible da zure zaletasun gogokoenean bihurtzea.
Landareen ondoan baso bat ur
Lanak errazteko behar antzekoak multzokatzea lagungarria da. Ur eta argitasun berdintsuak edukita landareak hobeto haziko dira. Horrela ez ditugu batzuk gehiegi ureztatuko eta besteak lehor utziko. Berogailua edo ordenagailuak dauden eremuetan giroa beroagoa da, eta landareak hezetasun gehiago beharko du. Horretarako baso batzuetan ura jarriko dugu landareen inguruan. Modu horretan airearen tenperatura freskatzen da.
Lainoztagailuarekin edo pulberizagailuarekin ere airea freskatzeak eta tarteka landareak bustitzeak on egingo die.
Aire girotua martxan badago, ez da komeni landareari haizeak zuzenean ematea, kaltetu egin baitezake. Ahal bada pixka bat mugitu edo lagundu daiteke baso bat ur landare inguruan jarrita.