Koronabirusaren etorrerak kolpe gogorra eman die musikaren eskenan mugitzen diren taldeei, bai musikariei eta baita teknikari zein kontzertuak antolatzen aritzen direnei ere. Artea etengabe berrasmatzen da, ordea, eta asko izan dira egoera berrira egokitzeko ahalegina egin duten euskal artistak. Musikari dagokionean, eskenatokiak etxeko salaren ordez trukatu, eta mikrofono eta fokoen partez kamera mugikorrak eta sare sozialak erabili dituzte.
Zea Mays talde bizkaitarra izan zen ariketa hori egiten aurrenekoetakoa. Bikote moduan eta formatu akustikoan, instagram bidez eskaini zuten kontzertua. Haren atzetik etorri dira Zetak taldea, edota Zuriñe Hidalgo eta Xabi Bandini kantariak. Denek ere, zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte, sare sozialetan. Bada bestelako saiakerarik egiten ari denik ere; Xabi Solanok, esaterako, bere kanten bertsioak egiteko eskatu die jarraitzaileei; eta Fermin Muguruza, ikus-entzunezko materiala zintzilikatzen ari da, Nola? eta Beltza naiz dokumentalak eta hainbat disko tartean.