Elixabete Garmendia Lasa – Kazetaria
Gogokoa dut jantziak eta oinetakoak estreinatzea; puskaren bat erosi eta ez da luzaroan armairuan egongo, presa izaten dut lehenbailehen soinean jartzeko. Umetatik izan dut gustuko arropa berriak janztea, eta gaur, hemen, jantzi berrian sartuta sentitzen naiz; ez horrenbeste GoiBerri-n kolaboratzaile gisa lehen aldia dudalako, ez, GoiBerri-k jantzia estreinatu berri duelako baizik.
Aldizkarian bertan ezagutu dut jostuna, Eneko Maiz Azpiroz legazpiarra. Otsailaren 28ko elkarrizketan kontatzen duenez, bide luzea egin du diseinugintzan: editorial batean, freelance modura hainbat esparrutan, azkenean diseinu editorialean espezializatu arte. Bere hitzetan, «diseinu editoriala argitaratzen diren publikazioen diseinu eta maketazioaz arduratzen den diziplina da: egunkariak, aldizkariak, liburuak… Edukiaren eta formaren arteko oreka bilatzea da egiteko nagusia, hau da, edukia irakurgarri egitea ahalik eta modu erakargarrienean».
Kazetaritzako ikasketen baitan irakasgaietako bat maketazioa zen; han ibiltzen ginen zizeroak neurtzen-eta. Bueno, ibili, ni neu, urrutitik. Hain nintzen txarra maketazioan, ikaskide batek egiten zizkidan irakasleari entregatu beharreko lan praktikoak; ikaskide eskuzabal hari esker gainditu nuen gaia.
Kontua da, erabat ezgauza izan arren, gustua eduki, badaukadala, diseinu eta maketazio taxuzkoak preziatzeko. Areago, izugarrizko garrantzia ematen diot maketazioari eta, oro har, diseinu grafikoari. Maketazio eskasak birrindu egin dezake artikulurik onena, elkarrizketarik aberatsena, edo erreportajerik interesgarriena, balizko irakurlea uxatuz. Eneko Maizek erakutsi du sobera menderatzen duela ofizioa; irakurgarri eta erakargarri binomioa uztartzen badakiela.
Ezkion dagoen Adaki agentzian lan egiten omen du; ez nekien Ezkion halakorik zegoenik. Uste dut eguneratu beharrean nagoela Goierriko lantegiei buruz daukadan irudia; oraindik ere taladrina usainarekin lotzen ditut, eta exotikoa gertatzen zait Ezkioko industrialde komunikazio agentzia bat egotea. Mapa mentala edukiko dut eguneratzeko?
A! eta, ahaztu baino lehen: osasunarekin urratu, GoiBerritarrok, jantzi berria!
PD. Idatzi hau bukatu eta hor aurkitu dut sarean beste artikulu bat izenburu berberarekin: Anjel Lertxundik argitaratu zuen 2014ko maiatzaren 31an, Berria-k diseinu berria estreinatzean. Maisuki azaltzen du zer zentzu daukan jantzien estreinaldirako esaerak.