F isika eta Kimikako irakaslea da Aitziber Irastorza (1987, Beasain), nahiz eta gure artean El Conquistador del Caribe-n parte hartzeagatik ezaguna izan.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Sekulakoa. Aurten izan dut joateko aukera, eta zure burua inoiz izan ez den egoeretan ikustea oso polita da. Nire buruarekin harritu naiz, ez nuen uste hain ondo jasango nuenik han ikusitakoa. Errepikaezina, edozein bidaia bezala.
Bete al da aurreikusitakoa?
Ez. Gehienbat proba fisikoak egiteagatik joan nintzen eta ezin izan nuen ia parte hartu. Gainera kaleratze proba kaka bat izan zen. Ez nintzen kanpaleku pobretik atera eta beste lekuak ikusteko penarekin geratu nintzen. Ez nuen janari poltsa ezagutu… Abenturan urrutirago iristea zen nire helburua.
Zein zailtasun nabarmenduko zenuke?
Moskitoek ez ziguten lo egiten uzten. Ez jatea baino gogorragoa zen hori. Moskitoek osatutako behe-laino moduko bat zegoen, eta hezetasun handia zegoenez, bero asko pasatzen genuen. Ito egiten ginen. Horrez gain, itxaronaldiak oso luzeak dira. Nolakoa da talde berdea?
Gure arteko harremana oso ona zen, konexio berezia genuen. Nik, adibidez, alaitasuna eskaintzen nion taldeari. Beste batzuk ordea, janari ezagatik nahiko ahul zeuden eta bizikidetzan ez zuten gehiegi laguntzen. Goraipatzekoa da egoera txarrei buelta emateko genuen erraztasuna. Mutilei agian hori falta zaie.
Patri kapitaina lehiakide bat gehiago izan da. Erabakiak hartzerako garaian, beretzat egokiena zena aukeratzen zuen, baina nik ez nuke hori egingo. Pentsaera ezberdina du. Izaera gogortu beharko luke kapitain izateko.
Nor izango da aurtengo konkistatzailea?
Mutiletakoren bat: Lander, Mikel edo Jonquel. Isma beteranoak ere aukera handiak ditu.
Zurea da hitza.
Oso esperientzia ona izan da. Joko bat da eta hango haserreak asko puztutzen dira. Telebistan ikusten dugunarekin bakarrik ez gelditzeko esango nuke, atzetik askoz gehiago dago eta.