Josune Gil – Ezkerreko eserlekutik
Bart amets arraroa izan nuen, baina ez gauza zentzugabe eta psikodelikoz beterik dauden horietakoa. Atzo, lanetik bueltan –batzuok telelanarena ez dugu usaindu ere egin–, Urretxu eta Zumarraga autoz zeharkatzen nituela, koronabirusa gure egunerokotasunera iritsi baino lehenagotik buruan bueltaka nuen gai bat etorri zitzaidan: zein tristea den herrietako kaleak itxitako lokalez beteta ikustea, bizirik gabe, itzalita.
Amari kontatu diot ezinegona. «Zer esango didazu niri…», erantzun dit, logikoa den moduan herrian negozio txikia duen autonomoa izanda. Milennialen artean badaude saltokiak zabaltzeko intentzioa dutenik? Ez al gara enpresa handi eta multinazionaletan kontsumitzeko eta lan egiteko ziborgak modu konpultsiboan bihurtzen ari?
Ametsean gure herrian sex-shop bat zabaltzeaz aparte, kuadrilakoei satisfayer bana oparitzen nien. Satisfayerrekin amestea jada ez zait arraroa egiten, koronabirusaz gain, urteko izurritea bihurtu baitira. Baina sex-shop bat zabaltzea… Ba ondo pentsatuta, agian ez da ideia txarra: gure herrietako kaleak zertxobait piztea lortuko genuke, eta tira… beste gauza batzuk ere bai.