Iñaki Amundarain, Ormaiztegi
Zuri-beltzeko argazkian arreba eta ni agertzen gara, 1972ko Eguberrietan, Ormaiztegin. Urte horretan Amasako jaiotetxetik Ormaiztegira etorri ginen. jaiotetxetik Ormaiztegira etorri ginen. Eta horrek aldaketa handiak ekarri zituen nire bizitzara.
Urte hartan lehenengoz eskolan hasi nintzen, Ormaiztegiko ikastolan, 6 urterekin. Amasan gure etxea herrigunetik oso urrun zegoen, eta gurasoek ez zuten ume txiki hura egunero eskolara eramateko aukerarik. Urrun zeuden oraindik haur hezkuntza osorako marko pedagogikoak. Ez ordea ardurak: ezinbestean, ama izan nuen lehen irakaslea, etxean; eskolara joateko aukera handirik izan ez arren, ikasketei garrantzi handia ematen zien bikote saiatu bateko kidea.
Beraz, 6 urterekin lehenbizikoz Ikastolara, bainuetxeko gela zaharretara. Gustura joaten nintzen, uste dut. Oroitzapenak lausoak baitira oraindik ere: pottokak, abestiak, saguek horman egiten zituzten zuloetan plastilina jartzea, matematika, hezetasuna, gasezko estufa erdian, eta giro goxoa. Gehienok ere haurtzaroaz oroitzapen goxoa izaten dugu, ezta? Gogoan dut hasi eta hilabete batzuetara larunbat goizetako klaseak bertan behera utzi zirela, eta 5 eguneko eskola-astea ezarri zela. Bi urtetakoak egoten ginen gela berean (16 lagun), irakasle bakarrarekin. Orduko ikaskideak izan nituen urteetan nire sozializazioaren erdigune; eta, neurri handi batean, oraindik ere hala izaten jarraitzen dute.
Atzera begiratuz, asko eskertzen diet gurasoei Ikastolaren aldeko apustua egin izana. Diruz sobera ibiliko ez ginelako, eta garai haietan, bestela ere konplikazio gehiago zekartzalako. Gogoan dut, artean Amasako baserrian ginela, Donostiako senitarteko batzuei entzuna: «Ze ondo hitz egiten duten ume hauek euskaraz; pena da, gero ahaztu egiten zaiela». Zorionez, egoera eta gizartea aldatu ziren. Baina ikastolako gela hartan –eta nola ez, etxean– jarri ziren geroko ni honen identitate kulturalaren oinarriak.
Gaztelaniarik jakin gabe
Kalea ere aurkitu nuen urte hartan, eta nire adineko neska-mutikoak, eta taldeko jolasak: kolunpioetan, futbolean, gordeketan, errekan, gerretan, harrapaketan. Ormaiztegin bi eskola ziren, herri gehienetan bezala: gurea, ikastola, eta eskola nazionalak. Artean nahiko bereiz ibiltzen ginen, baina bagenuen elkarren berri, eta inoiz nahasten ginen. Horrek beste berrikuntza bat ekarri zidan: gaztelania. Umeen erdia gaztelania hutsez ariko zen kalean. Eta orain harrigarri badirudi ere, argazkiko Eguberri horietan, asko eta asko etxez etxe gaztelaniazko kantak abestuz irtengo ziren; eta Olentzerok presentzia handirik ez zuen izan. Nik gaztelaniarik ez nekien, baina oharkabean ikasi nuen kalean moldatzeko adina.
Beste berrikuntza bat ere sartu zen urte hartan nire bizitzan: telebista. Oso gogoan dut nolako lilura eragiten zidan. Izugarri gustatzen zitzaidan. Nork esango, oraingo Iñakiri begiratuta! Mundurako leihoa zabaldu zion gizarte oso bati, eta gure balioetan ere eragina izan zuen. Nolako garrantzia izan ote du orain garenean?
Berrikuntza gehiago ere izan ziren. Lekua soberan zegoen baserri batetik 65 metroko pisura joatea, eta han 5 heldu eta 2 haur bizitzea; arreba eta ni ohe berean, gurasoen gelan. Etxeko animaliei agur esatea. Ekonomikatik su elektrikora pasatzea. Renault 4 berria. Koloretako argazki kamera. Baina horiek guztiek ez zuten ume harengan horrelako arrastorik utzi.