Maite Lasa • Maite Lasa Botika (Segura)
Koronabirusa muki-jario, sudur, begi edo ahoko partikulen bidez kutsatzen da; distantzia hurbilean beraz. Inkubazio prozesua egun bat eta 14 egun artekoa izan daiteke. Prozesu horretan birusa transmititzen da, eta hori da kutsatzeak kontrolatzeko zailtasunetako bat. Ondorioz, farmazian hainbat neurri hartu ditugu.
Alde batetik, neurri fisikoak hartu ditugu segurtasuna bermatzeko: salmahaietan manparak jarri ditugu, maskarak eta esku larruak erabiltzen ditugu… Bezero bakoitzaren ondoren, guk eskuak garbitzen ditugu gel hidro-alkoholikoa erabiliz. Bestalde, farmaziara sartu aurretik bezeroek eskularruak jantzi behar dituzte, eta ondoren bertan zaborrontzira bota; hori udalaren ekarpena izan da. Gel desinfektatzailea ere eskuragarri dute.
Gure bezero gehienak pertsona helduak eta polimedikatuak dira, beraz arrisku taldean sartzen direnak. Beraien botikak jasotzeko familiarteko, bizilagun eta gertukoez baliatu dira eta beraiek etxean geratu dira. Oso kontzientziatuta daude. Egoera hau dela eta, bi hilabeterako botika jasotzeko aukera ere eman zaie. Udalean sortu den boluntarioen zerrendan ere gure izena eman dugu, inork beharko balu guk bertaratuko dizkiogu botikak.
Botiken hornikuntzarekin kezka eta kontsulta asko izan ditugu. Ez dago inolako arazorik, normaltasunez jasotzen ditugu botikak, maskara eta gel-hidroalkoholikoak, baina ez eskularruak.
‘Maskarilla-19’ pasahitz sekretua
Gipuzkoako sendagaigileen elkartetik zabaldu zaigun ekimena da, sexu indarkerien biktimei zuzendua. Prozedura erraza da, etxetik laguntza eskatzeko zailtasuna badute, farmaziara hurbildu eta maskarilla-19 pasa hitza erabiliz laguntza eskatuko dute. Biktimari izena, helbidea eta telefonoa eskatu eta protokoloa martxan jarriko dugu.
Gomendioak
Jendearekin dugun hartu emana dela eta, informazio iturri zuzen ere bihurtu gara. Sare sozialetan dauden hainbat informazio faltsu argitu behar izan ditugu. Horren aurrean, farmazialarien betebeharra, bezeroei osasun sailetik datorkigun informazio fidagarria transmititzea da, alarma sortu gabe. Koronabirusaren garaia ahal den egokien pasatzeko oinarrizko gomendioak ondorengoak dira:
- Prebentzio neurriak bete. Eskuak sarri garbitu, eztula egiterakoan ahoa estali, paperezko mukizapiak erabili.
- Defentsak indartu. Jalea reala, C bitamina, probiotikoak, propoleoa, etxinazea… hartzea gomendatzen da defentsak igotzeko; honela, hobeto egingo zaio aurre gaixotasunari.
- Eskuak kremekin hidratatu. Produktu hidro alkoholikoek eta xaboiek eskuak asko lehortzen dituztenez, eskuak ondo hidratatu behar dira kremarekin.
- Parazetamolaren aukera. Sukarra dagoenean osasun etxera deitu behar da beti eta medikuak aginduko du zein botika hartu. Hala ere, orokorrean, burukomina edo sukarrarentzat parazetamola gomendatzen da.