Algortan (Getxo, Bizkaia) bizi da eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da Esther Irastorza Apaolaza (Olaberria, 1966). Hamabostean behin etortzen da Olaberrira, Bildotxaga jaiotetxera. Orain, konfinamendua dela eta, «baserri inguruko parajeak, eta etxe barruan suaren goxotasuna» faltan sumatzen ditu.
Zer ematen dizu jaiotetxeak?
Ama ikustearen poza, berarekin egoteko aukera, lagunekin egotekoa… Bertako euskara modu naturalean erabiltzea, eta semeei baserri giroko kulturaren transmisio zuzena emateko aukera.
Nola daramazu konfinamendua?
Hasierako egunak, familian pertsona nagusiak ditugun guztion moduan, kezkatuta pasa nituen; gure kasuan ama, eta urrun… Bera ondo zainduta eta lasai ikusita, lasaiago nago.
Ze zaletasun dituzu?
Sukaldean aritzea asko gustatzen zait. Horregatik, edozein lekutara joaten naizela ere, bertako azokak bisitatzea izugarri gustatzen zait.
Pelikula bat.
Mala hierba.
Liburu bat.
Miñan, Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balderena.
Musika talde edo abeslari bat.
Ken 7.
Abesti bat.
Hertzainak-en Aitormena.
Kolore bat.
Urdina.
Oporretarako leku bat.
Adibidez Alenteixo, Portugalen.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta ale bat, eta esnea, azukrerik gabeko olo malutekin.
Amets bat.
Une honetan, Covid-19 ren aurkako txertoa lehenbailehen aurkitzea, eta pertsona guztien eskura izatea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Sukaldeko mantal bat, nire ikasle guztien izenak grabatuta zituena.
Goierriko txoko bat.
Ordiziako feria eta gure baserriaren inguruan dagoen Urbaundi aldea.
Getxon biziko ez bazina…
Olaberrian, jakina!