Elena Zubiriak eta Marta Sargentok (Beasain, 1995) #CuandoEstoPase ekimena zabaldu dute Goierrin pandemiak eragin duen krisiari aurre egiteko asmoarekin.
Nola sortu zen iniziatiba hau?
Orain dela gutxi, Segoviako (Espainia) gazte batzuek garatutako iniziatiba solidario honen berri izan genuen. Segoviako merkatariei laguntzeko sortu zen ideia hau.
Proiektuari forma ematen hasi zirenean, Madrileko Aizink enpresak garatu duen #CuandoEstoPase ekimena topatu zuten, eta ideiarekin bat egin zuten. Eta guk, herriko merkatariei laguntzeko asmoz #CuandoEstoPase proiektua Goierriraino zabaldu dugu.
Zertan datza?
Erosketa-bonuetan oinarritutako iniziatiba bat da. Parte hartzen duen merkatariek cuandoestopase.aizink.com webgunearen bitartez bonuak saltzen dituzte. 3 bonu ezberdin eskaintzen dituzte, eta dendak erabakitzen du bakoitzaren prezioa, saltzen dituen produktuetan edo zerbitzuetan oinarrituz. Horrela, erosle bezala sartu gaitezke, nahi ditugun bonu guztiak erosi, eta dendak berriz ere irekitzean bonu horiek dendako produktuengatik edota zerbitzuengatik trukatu. Saltzaileek diru sarrera bat eskuratzeko aukera izatea da helburua. Ekimena guztiz solidarioa da eta erositako bonuak zuzenean dendei ordaintzen zaie, ez dago bitartekaririk. Momentuz ordainketak PayPal bitartez egiten dira, ez baitute aurkitu ordainketa zuzenean enpresei egiteko beste biderik. Baina ordainketa egiteko bestelako moduak baloratzen ari dira.
Nori dago zuzenduta?
Enpresa txiki eta ertainei, eta autonomoei eskaintzen zaie. Printzipioz, lan etenaldia eskatu dutenek ezin dituzte bonuak saldu, legez ezin baitute fakturatu. Etenaldia eskatu ez duten dendek saldu ditzakete, edota irekita jarraitzen duten negozio txikiek. Salmenta asko jatsi da eta laguntza behar dute.
Gipuzkoako merkataritza elkarte guztiekin jarri gara harremanetan, eta baita Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalekin ere. Guk proiektua zabaltzen dugu, eta negozio bakoitzak baloratu dezake ea bideragarria den ala ez.
Saltzaile edo erosle moduan parte hartzeko: cuandoestopase.aizink.com.