Izaskun Egiguren – Beasain-Ataun
Egun hauetan, inoiz baino gehiago datorkit gogora jaioterria, Ataun; eta joaterik ez dudan arren, buruan ditut bertako bideak eta bidexkak, txikitako eta ez hain txikitako oroipenekin nahasiak.
Koronabirusak eragindako itxialditik idazten dut hau, egun erdia balkoian eta beste erdia etxeko lanetan nabilen honetan. Pentsatzen dut denok antzera ibiliko garela, geure egunerokora bueltatzeko gogoarekin. Eta egun hauetan, inoiz baino gehiago datorkit gogora jaioterria, Ataun, eta joaterik ez dudan arren, buruan ditut bertako bideak eta bidexkak, txikitako eta ez hain txikitako oroipenekin nahasiak. Ibilbide batera gonbidatzen zaituztet, beraz. Ez da ibilbide luzea izango, baina itxialditik ateratzen naizenean egingo dudan lehenengoa izango da, pixkanaka aterako baikara, lotsaz eta ikaraz seguru asko, eta horrelakoetan gure bazterretara joan nahi izaten baitugu.
Amaren etxeko terrazan hasiko dut bidaia. Txikitan aitona-amonen alboan jandako merienden usaina du hasiera horrek, edo aitonak harrapatutako ezkalu frijituena. Trizikloan egindako lehenengo saiakerak eta euriaren aterpean harturiko kafesneak ere hor daude, memorian betiko gordeta.
Eskailerak jaitsi eta etxe alboko zubia igaroko dut. 1983ko uholdeek eraman zituzten adreilu eta hormigoizko paretak, eta horien ordez metalezkoak daude orain. Zubia igarota, gure etxean Intxaur Txiki deitu ohi diogun eta jada txikia ez den intxaurrondoa dagoen tokira joango naiz, eta egurrezko bankuan eseriko naiz. Hortik begiratu bat egingo diot Jentilbaratzari, Jentilen etorreran sua pizten duten mendiari.
Aurrera jarraituko dut Paseo Naturalean barrena, eta baratzea eduki ohi genuen tokira iritsiko naiz. Behin han ginela, aitona-amonei laguntzen, harri izugarriak hasi ziren erortzen goiko menditik, Dorronsorora doan bidea egiten ari baitziren. Itxura denez, zerbait gaizki kalkulatu zuten, eta gu han behean ginen. Aitonak esan zigun geure burua lurrera botatzeko eta eskuak buruan jartzeko. Bera gerran ibilia zen, frontean ez bazen ere.
Orain intxaurrondoak daude lehen baratzea zen tokian, eta hor dago, baita ere, amona eserita egon ohi zen egurrezko bankua. Berak zioen, jada zahartu zenean, gaztetako kontuez oroitzen zela han eserita, Arrondo auzora begira. Ni ere han eseriko naiz, eta berak irakatsitakoak etorriko zaizkit burura.
Bidean aurrera egingo dut beheko aldetik, Paseo Naturala goian utzita. Orain sasiak dauden arren, lehen garbi-garbi ageri zen, eta uda iristean belarretan ibiltzen ginen bertan. Betiko tokian egongo da udan bisitatzen genuen putzua ere. Oker ez banago, putzu horretan ikasi zuen igeri Amaiak. Sugeren bat ere agertzen zen tarteka.
Itzulerako bidean, gaztetxotako kontuak etorriko zaizkit gogora. Txikitako jolasak ahaztuta, bakardade apur baten bila joaten nintzen liburu batekin ekain aldean, eta han nengoela, tarteka-marteka belar sortaren bat jaisten ikusten nuen pareko menditik behera, kablean irristaka. Eta oroipen berriak sortzeko, bidean ikusi nahiko ditut Maria eta Sebastian paseatzen, eta Eneko eta Garazi futbolean.
Ibilbidea berriro amaren etxean amaituko dut. Berriro egongo gara denok batera elkarrekin terrazan, guraso, anaia-arreba eta lehengusu. Igaro ditugun egun gogorrak gurekin izango dira, baina bizkotxo batekin goxatuko ditugu, Lizarrusti aldera begira begiek atseden hartzen duten bitartean. Ordura arte, besarkada bat guztiontzat Beasaingo balkoitik.