Egoitz Irizar – Tabernaria eta musikazalea
Nik musika dut gogoko, zuzenean egiten den musika gehienbat; kontzertuak eta horrelakoak, musikaren alde bizia-edo esan dezakegu. Eta jada, konturatu gara gehienok, justu, bizitzen ari garen momentua, ez dela horretarako momenturik hoberena; ze musika, bai, mordoa ikus eta entzuten ari gara sareetan; Instagrameko zuzeneko kontzertuak, Youtubeko dj saioak, balkoirik balkoirakoak… Baina zuzenenkoak, zutik, gaztetxe, taberna edo areto batean musikaria parean duzula, horrelako musika espresiorik, zero.
Badakit ezin diodala (diogula) inori errua bota, bizitzen ari garen momentuaren inguruan. Baina kristoren amorrua ematen du, hilean hiru edo lau kontzertu ikustetik, zerora bapatean pasatzeak. Eta amorrua baina kezka handiagoa sortzen didana da, honek guztiak, nola (eta noiz!) bukatu behar den ez jakiteak.
Ez dut esan nahi, gaizki dagoenik edo ez zaidala gustatzen sareetan sortutako musika espresio mota berri hau, baina denak argi izango dugulakoan nago ez dela berdina.
Hemendik besarkada eta animoak bidali nahiko nizkioke musikaz edo musikaren inguruan bizi den jendeari; musikari berak, argiteria edo soinu ekipoak jartzen duen jendea/enpresak, promotorak, areto eta tabernetako jabeak… ezin gremio denak izendatu, asko baitira. Inoiz ahaztu gabe noski, kulturaren beste arloetan murgilduta dagoen langileri guztia.
Hau bukatzean, musika maite dugunak, zuzeneko musika maite dugunak batik bat, badugu nahiko lan hau guztia altxatzen laguntzeko, maite dugun heinean gure gauza ere badelako. Hau bukatutakoan, joan gaitezen gugandik gertu sortzen diren kontzertu ta kultur ekintzetara, denok!