Xabin Fernandez Zubeldia – Kazetaria
Ez dira betiko garai onenak. Ez horixe. Azken finean, gizaki hutsak gara, eta hori ez dugu aldatuko. Barearen ostean omen dator ekaitza. Baina nire galdera da: zein da barea eta zein ekaitza? Konfinamendua izan da ekaitza? Edo barealdi honen ostean etorriko dena? Oiloa ala arrautza? Aitatxo edo amatxo? Tipularekin ala gabe? Aitortuko dizuet ez naizela horiei erantzuteko gai. Argi dagoena da oraingoz ez dela udaberrri berririk guretzat. Eta uda bera ere kolokan dagoela esango nuke nik… Baina denborak aurrera darrai etengabean, eta, diotenez, orain ezingo dugu eutsi izan ginena. Eta nire balkoiko gotorleku honetatik esango dizuet ni ere beldurtzen hasia naizela. Zer da hemendik aurrera etorriko dena, bada? Zerbait aldatzeko gai ez garen bitartean, ez al gaude hobeto gauden lekuan? Nolabait, errutina honen morroi bilakatu gara. Eta orain zer? Lehenbailehen askatu behar gara?
Ohartu gabe iluntzeko txaloak arrunt bilakatuta gaude. Distantziak arrunt. Eta ditxosozko bideodeiak ere, arrunt. Dena aldatu da gure inguruan. Eta, hala ere, arrunt bilakatu dugu. Baina, orain, ia ohartu gabe heldu gara mugara.
Egia da hasieran mundua jausi zitzaidala gainera. Ez dizuet ukatuko. Baina, behin aitortzen hasita, esango dizuet eroso sentitzen hasia nintzela. Eta orain zer? Lehenbailehen askatu behar gara?
Ez dakigu non dagoen hoberena. Inoiz ez dugu jakin. Baina agian bada garaia bilatzen hasteko beste lekuetan, ezta? Argi dago krisi honek agerian utzi dituela gure beldurrak; gure lotsak; gure gabeziak. Eta orain zer? Berriz ere atzera? Ez al da garaia akatsetatik ikasi eta ikasitakotik udaberri berri bat sortzen hasteko? Berdin jarraitzekotan, zertarako atera?
Irakurle, zin dagizut ez dizudala inoiz gezurrik esango, baina zaude ziur ezin izango dudala hau ahaztu inoiz. Ezin izango ditut bidean geratu direnak ahaztu. Ez eta armarik gabe guda honen lehen lerroan izan direnak ere. Zin dagizut gogoan izango ditudala mugara iristean. Baina zin dagizut, baita ere, ateratzen naizenean txalo egiten jarraituko dudala.
Ados. Onartzen dut. Ateratzeko ordua da. Ekaitzari aurre egiteko garaia. Ezin esango dut itxialdi hau izan denik ene bizitzaren onena, baina hitz hauen bitartez aitortu nahi dut ez dela hain droga txarra izan.
Goazen, ba. Abesti honen amaiera heldu da. Ea zer idazten dugun hurrengoan. Orain bai, maitea, lehenbailehen aska gaitezan.