Artista bakoitzak bere inspirazio momentuak bilatzen ditu, baina etxea da askorentzat, sormenerako lekua. Entsegu lokal, estudio eta eszenatokien faltan, etxetik aritzea beste erremediorik ez zaie gelditzen orain. Baina etxealdia dela eta etsipenean erori gabe, sortzeko eta gauza berriak egiteko aprobetxatzen ari dira egile asko. Eta Goierriko artistak ere ez dira salbuespena.
Etxean grabatutako kanta, bideoklip edota zuzenekoak sare sozialetan zabaltzen ari dira Goierriko hainbat musikari azken asteotan. Starblues talde ordiziarra, esaterako, bere disko berria modu digitalean aurkezten ari da, eta Zure jabe izeneko abestiaren bideoklipa aurkeztu zuten, eta saio akustikoa ere grabatu dute. Matilda proiektua osatzen duten Maria Amolategik eta Victor Sanchezek ere, bideoklipa grabatu du, taldekide bakoitzak bere etxetik jota. Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra Berria aretoa egitasmoan parte hartzen ari da, zuzenekoak eskainiz. Eta Hiri Galduak taldeko Josu Calvok, hainbat abesti zabaldu ditu sarean.