Irati Goikoetxea Asurabarrena – Idazlea
Itxialdi garai honetan ostadarrak ikur bihurtu dira. Ostadarrak ari gara ikusten paper gainean eta etxeetako hormetan marraztuak, ostadarrak balkoi eta leihoetan zintzilik. Ostadar horietako bakoitzaren atzean, beti ez bada, ia beti, gutxienez ume bat egoten da. Gaurko liburu gomendioan horietxek izan nahiko nituzke presente: umeak eta ostadarrak. Umeak, ostadarrak eta munstroak. Finean, zu ekarri nahi zaitut, irakurle, gaurko liburu gomendiora. Edozein delarik ere une honetan babesten zaituen etxea, zu ere bazarelako ume, ostadar eta monstruo.
«A, baina haur literaturako liburu bat gomendatuko diguzu?» bota zidan purrust lagun batek etsipenezko tonuan. Eta nik parrast, baietz, pena dela haur literatura haurrentzat soilik dela pentsatzea. Eta nik parrast, izateko kolore.
Olga De Dios donostiarrak 2013an sortutako ipuin zoragarria, Ipar Alkainek itzuli eta Denonartean argitaletxeak argitaratu zuen euskaraz 2016an. Album ilustratua 13 hizkuntzatara itzulia dago eta 20 herrialdetara baino gehiagotara iritsi da. Zorionekoak umeak. Eta helduak. Zorionekoak kolore izan nahi dutenak, besteekiko ezberdintasunean zoriontsu sentitzen direnak, besteen ezberdintasunak balioan jartzen dituztenak. Eta ausartzen direnak ostadarrari zortzigarren kolorea margotzen. Liburu eder hau ezagutzen duen ume orok berehala esaten du: «Nik munstro arrosa izan nahi dut!». Gero zer gertatzen den… badugu helduok zer hausnartu…
Gaurko gomendioa: Munstro arrosa. Gomendioak opariak dira. Eta hau opari eder bat da, baita inguruan haurrik ez dutenentzat ere.