Iker Aldasoro • Ikernet, ekipo informatikoen zerbitzu teknikoa (Segura)
Ezohiko urtea izaten ari da 2020a Txinan agertutako birus baten ondorioz, baina ez birus informatiko bat, osasun birus bat baizik. Beraz ez dizuet birusei buruz hitz egingo, telelanari buruz hitz egingo dizuet. Egoera berri honek telelana egitera behartu gaitu guztiok, hau da, etxetik lan egitera edo komunikatzera behartu gaitu. Nire informatikari lanetik une honetan ikustea tokatu izan zaidana da jende askok oraindik ez dituela telelana egiteko tresnak eta aukerak ezagutzen. Beraz, tresna horiek ezagutzera emango ditut ondo lerrootan modu labur batean.
‘Teamviewer’
Urrunetik lan egiteko tresnarik ezagunenetakoa Teamviewer da. Baina hau bezalako beste hainbat aplikazio daude sarean zehar eskuragarri. Tresna honen ezaugarririk garrantzitsuenetakoa oso azkar instalatzen eta konfiguratzen dela da, eta une batean urruneko ordenagailua erabiltzeko moduan jartzen da, urruneko ordenagailua Pc, Mac edo gailu mugikorra izanda ere.
Nire lanean ikusi dudana da jende askok oraindik ez dituela telelana egiteko tresnak eta aukerak ezagutzen
Inoiz aplikazio honekin edo antzekoekin lan egin duen norbaitek agian esango du aplikazio horrek lan egiteko balio duela, baina ez dela guztiz erosoa, eta ez zaio arrazoirik falta. Gure ordenagailuko pantailan urruneko ordenagailuaren pantaila ikusiko litzateke txikiagoan eta denbora askoz lan egiteko ez da nahi bezain erosoa.
Urruneko mahaigaina baimendu
Kasu horretan daudenentzat beste aukera batzuk badaude. Adibidez urruneko mahaigaina baimentzea. Horretarako, urruneko ordenagailuko Internet konexioan aldaketa txiki bat besterik ez da egin behar eta honen bidez etxetik urruneko ordenagailuan eserita egongo bagina bezala lan egingo genuke.
Baina kasu batzuetan segurtasun kontuak direla medio, ez da izaten erabiltzaileari gehien gustatzen zaion sistema. Horretarako VPN sistemak existitzen dira. VPN bat urruneko bi sareen arteko sare pribatu bat da, guztiz segurua eta datu partekatzea enkriptatuta egiten da, beste edonork daturik lapurtu ez dezan. Horrelako konexio mota bat instalatzeak aurreko bi aukerek baino kostu edo lan gehiago daukate, baino kostu txiki baten truke, hainbat aukera emango dizkigun konexio bat izango genuke. Laburbilduz, punta batetik bestera kable bat jartzea izango litzateke.
Amaitzeko, lanarekin baino komunikazioarekin erlazio gehiago duen tresna bat aipatzea gustatuko litzaidake. Une honetan online elkarrizketak ere asko ari dira izaten, bai lagun, familia edo lanekoekin. Eta horretarako ere badago eskuragarri guztiz doakoa eta erabilerraza den tresna bat: Jitsi Meet. Bere orrialdera joan, izen bat aukeratu eta listo!