Naroa Elortza Gorrotxategi, Eraldatzaile soziala
Birusa. Gaixotuak. Babes elementurik gabeko erresidentzietako langileak. Konfinamendua. Banatzailearen osasunaren gainetik online erositako bizikletak. Osasungintzaren kolapsoa. Hildakoak. Birusa. Gaixotuak… etenik gabeko espirala.
Helduko da, baina, normaltasun berria. Eta, berarekin, espiral eta beldur berriak: langabezia, murrizketa berriak (aspaldi ahoan genuen), krisia, askatasun galera, kontrol sozial eta poliziala…
Hala ere, hilabeteotan ikasitakoa baliagarri izango zaigu etorriko denari aurre egiteko. Besteak beste, ikasi dugulako urteotan osasungintzan egindako murrizketek hildakoak biderkatu dituztela, zaharren egoitzen pribatizazioak bertako bizi baldintzak nabarmen kaltetu dituztela, eta gobernari eta enpresari gehiegik lana bizitzaren gainetik jartzen dutela (besteen bizitzen gainetik, jakina). Eta, nola ez, ikasi dugu ere zailtasunen aurrean elkartasun sareak direla gakoa.
Hotzari aurre egiteko babes sareak josten segi beharko dugu, bai, baina epe ertainean ez genuke sarea asistentzialismora mugatu behar. Bizitza erdigunean jarri nahi badugu, eraldaketa soziala bultzatuko duten egiturak indartu beharko ditugu. Indartu batzuetan, eta errautsetatik eraiki bestetan, dozenaka enpresa berreskuratuta egin izan duten bezala.
Beldurrez mantapean gordeta geldi gaitezke, baina etorkizuna eraikitzeko aukera zabaltzen ari zaigu parez pare. Beharra aukera bilaka dezakegu, eta kolektibo kaltetuenei laguntza puntualak eman baino, autoeraketarako tresnak eta baliabideak guztion eskura jarri. Sare sozialik gabekoak ehunduz, baina beti norbanako eta kolektiboen ahalduntzea oinarrian jarriz.
Murrizketak bizitzaren gainetik jarri dituzten birusentzako txertoa topatu dugu: eraldaketa soziala.