Uxue Fernandez Lasa – Irakaslea eta kirolaria
Zenbaki sistema bitarrean aurrera eta atzera katigatuta nabil larunbat eguerdiaz geroztik. Zortzi aste joan dira itxialdia ezarri zigutenetik. Alarma egoeran beldurraren zein isunen itzalari eta norbanakoon ardurari tiraka mugikortasuna ia erabat etenda eta lau hormaren artean itxita izan gara, halabeharrez, sarri galdera ikurrak lagun.
«Normaltasun berria» deitzen dioten eta zehazki zer den jakiten nekeza den egoera honetan 0 fasetik 1. fasera igaroko ginela entzunez egunak generamatzan, hedabideetan, kalean nahiz gertukoekin izandako hitz aspertuetan, zein aldaketa eta berritasun ekarriko zizkigun esperoan. Norbere kalkuluen baitan ere bai nolabait, desio eta gertatuko zenaren artean oreka mantendu nahian. Ba, ño, ni, behintzat, jokoz kanpo utzi ninduten irratiz jasotako albiste eta presaka egindako hainbeste aldaketak. EAEn sorturiko nahasmena nola azaldu? «Garen bezalakoak garelako», asko eta asko ia geratu dira guraso, aitona-amona, anaia-arreba edo senitartekoekin mundu birtualetik at elkartzeko zain berriz ere. Hasieran, ez zen baimendu seme-alabak Beasainen edo Urretxun bizi eta guraso edo aitona-amonak Ordizian edo Legazpin bisitatzea. Kontrara, asteon funtzionari publiko askok euren ohiko lantokietara itzuli behar izan dute, desplazamendu asko eraginez, baita probintzia batetik besterakoak ere, segurtasun eta oinarrizko osasun neurriak beteko diren erabateko bermerik gabe. Tabernak ordutegi mugarik gabe ireki dituzte, herritarrok lehengo ordutegi tarteak mantendu beharko baditugu ere. Orduan, posible izango da Antion zerbait kontsumitzea arratsaldeko lauretan, baina ezingo al gara Belokira joan gure ordutegi mugaz kanpo dagoelako? Halaber, kirol klub pribatuak ireki daitezkeen arren udal kiroldegiak ez. Tabernako terrazan hamar lagun elkar gintezke, baina jarduera fisikoa banaka egiten jarraitu beharko dugu, etxebizitza berean kirolari bat baino gehiago bizi arren. Datorren astelehenean, neurri aldaketak ezarri eta eragina aztertzeko bi asteko beharrezko epea bete aurretik, itxura denez eskoletara itzuli beharko dira ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako milaka langile.
Zein oinarri du honek denak? Zientzia irizpideak al daude guztiaren muinean? Zuhurtzia hitza darabilte ahotan, baina agintekeria eta norbere zigilua jarri nahi izatetik eta interes ekonomiko-politiko ezkutuetatik hurbilago ez ote dagoen… Bitartasunean, beraz, 0tik 1era eta 1etik 0ra bidean bidezidorren bat aurkitzen saiatu beharko dugu. Eutsi goiari!