Goierritar gazte batek bere sentipen konfinatuak azaleratu ditu Saioa Otegi Psikologoak eta Psikoterapeutak azter ditzan: «Konfinamenduan inoiz baino bakartiago sentitu naiz. Nire lagunek ez didate bi hilabetean zer moduz nagoen galdetu. Ez deirik, ez mezurik. Orain, nola joango naiz terraza batera ezer pasatuko ez balitz bezala? Amorrua sentitzen dut. Baina ez zait komeni gelditzen zaizkidan gutxi horiek galtzea. Zer egin kuadrillakoei axola ez natzaiela jakitean? Bakardadea ez da xamurra.»
[Saioa Otegi] Aipatzen duzun sentsazioen artean birekin geratzen naiz batez ere. Amorrua eta bakardadea.Galdetu nahiko nizuke, hausnarketa egin dezazun, bietako zein zaizun ezagunagoa, gertukoagoa. Amorrua ala bakardadea. Baliteke horrek laguntzea zure burua kokatzen eta horien sentitzeko eta izateko arrazoia aztertzen. Komunikazioa, harremanetan oinarrizkoa dugu, eta horregatik, bien artean sortzen den adiskidetasuna biren gauza da; kuadrilla bateko sinergiak ere, konplexutasun handiagoz osatzen diren norbanakoaren ardurak dira. Rolak eta ardurak hartzen ditugu modu kontziente ala inkontzientean (horregatik talde batetik bestera, talde eraikuntzaren arabera, norberak rol desberdinak bizi ditzake, adb, betiko kuadrilla, ikastetxe-unibertsitatean, lanean, etab.)
Axola eza aipatu duzu, deirik ez duzulako jaso, mezurik ere ez duzulako jaso, zer moduz zauden ez dizutelako galdetu. Galdetu nahi dizut zure aldetik, galderak, deiak eta mezuak egon diren zure lagunenganako, eta hala balitz interes horren inguruan galdetzerik izan ahal diezun. Uste izan genezake zerbait modu batera dela, gure fantasian, iruditerian horrela delako; kontrastatu ezean, barne mamuek eragin duten zerbait den ala ez, ezin izaten dugu jakin. Ziurrenik dituzun lagun horiekin hizketaldi bat daukazu pendiente, agian banaka, agian taldean. Agian, zure lekua beste lagun batzuen artean egon daiteke. Baimendu zure burua atxikimenduak aztertu eta lantzera. Gizakiok nahiko adituak gara barne eta kanpo epaiketa egiten. Kritizismoa eta beldurra batzen direnean ez dira lagun onak izaten.