Koronabirusak gogor astindu ditu gizarteko hainbat sektore, eta horien artean, baita kulturarena ere. Martxotik maiatzera bitartean egitekoak ziren kultur ekitaldi eta ikuskizunen hamarretik zortzi bertan behera gelditu dira, eta liburu eta diskoen salmentak %62 egin du behera osasun larrialdia hasi zenetik. Sektorea errealitate berrira egokitzeko saiakerak ari da egiten, formatu berriak asmatuz, baina arlo horretan lan egiten duten makina bat artista, teknikari eta langile kinka larrian daude.
Eusko Jaurlaritzak foru aldundiei eta udalei aurkeztutako dokumentuaren arabera, ekainaren 1ean hasi ahal izango dira kultur jarduerak ikuskizunak egiten, aforoa murriztuta eta segurtasun neurriekin bada ere. Zine aretoak, berriz, ez dituzte ekainaren 26ra arte zabalduko. Bien bitartean, kultur arloko 80 bat enpresak, ikuskizunetarako formatu berriak sortzeko eskatu diete erakundeei, Ez gaitzazu bertan behera utzi izeneko dokumentuan.
Jaurlaritzak sektorea babesteko 2,5 milioi euro bideratuko ditu; laguntza horiek, alarma-egoerak iraun bitartean emango dituzte. Arlo horretako enpresentzat pizgarri izango badira ere, ikusteko dago sektoreari benetan eusteko adinakoak izango diren, haietara iristeko zailtasunak dituztela salatu eta baldintzak aldatzeko eskatu baitute.