Landareen printzipio aktiboak erauzi eta ekintza farmakologiko bihurtzeko hainbat modu daude.
Infusioak
Azken boladan, gero eta ohikoagoak dira infusioak kafetegietan. Bizimodu azkarraren gasolinatzat jotzen den kafearen alternatibatzat hartzen dira. Beste hainbat ohituraren moduan, badirudi atzerritik iritsitako ohitura dela. Duela ez asko arte, ordea, izan zitekeenik eta gauzarik normalena zen sendabelarrekin egindako infusioak hartzea. Izan ere, historia laburra du kafeak Europan, XVII. mendean ekarri baitzuten Amerikatik.
Berriz ere, hizkuntzak ematen du mundu ikuskera oso baten traza. Uretan irakindako belarrekin egindako infusioei buruz hitz egitean, garbiketaz ari gara. Azken batean, gorputzari oreka lortzen laguntzea da sendabelarren propietate nagusia, eta organismoko gehiegizko toxikoak kanporatzea. Gorputz atal bakoitzari dagokio belar bat, eta sendatzen duten gorputz-atalaren edo organoaren izena ematen zaie belar batzuei; esaterako, gibel-belarra.
- Odoleko zirkulazioa arintzeko: Asuna eta zaingorria.
- Urdaileko minarentzat: Mantzanilla.
- Gibela garbitzeko: Pareta-belarra eta asuna.
- Katarroarentzat: Odolurra, belarmina eta lore morea.
- Buruko katarroarentzat: Lore arrosa.
- Tentsioa orekatzeko: Mihura eta zaingorriak.
- Giltzurrunetarako: Urki-hostoak eta babarrun aleak.