
Fabrika Handiaren inguruan herrixka oso bat eraiki zuten, langileentzat eta familientzat zerbitzuak egokituta. Josetxo Zufiaurrek utzia
Urtea bukatzerako, Beasaingo Udalak Ezkiaga auzoko CAFeko atari nagusiaren inguruko eraikinak botatzeko lanak hastea aurreikusten du, uholde arriskua ekiditeko helburuarekin. Beasaingo historiaren zati garrantzitsu bat desagertuko da.
Beasain herriaren bilakaera Fabrika Handiari edo CAFi oso lotuta egon izan da beti. XX. mende hasieran, Beasain barruan, aitzindaria izan zen beste herrixka bat eraiki zutela esan daiteke, Sociedad Española de Contrucciones Metalicas enpresaren (SECM) –1917tik aurrera CAF izango zena– inguruan osatu zena. Herri batek behar zuen guztia sortu zuten SECM lantegiaren atari nagusiaren inguruan. Lanerako tokiaz gain, langileentzat etxeak, eliza, eskolak, aurrezki kutxa, farmazia, medikua, denda, ile-apaindegia, pilotalekua eta igerilekua izan zituen, besteak beste.
Zurezko sarrera nagusiari eta ate handiari erreferentzia eginez, Porteria izenarekin ezagutu izan da CAFeko atari nagusiaren ingurutik hasi eta Ordiziara arteko auzoa, nahiz eta 1981etik ofizialki Ezkiaga izena hartu zuen auzoak, inguru hartan zeuden Ezkiaga-basa, Ezkiaga-erdi eta Ezkiaga-txiki baserrien izenetik hartua. Fabrika Handirako atari nagusia, Beasainen mende bateko historiaren eta bilakaeraren ate nagusia izan daitekeela esan daiteke. 1901ean SECM sortu zen eta 1902an Bagoi Fabrika eraikitzen hasi ziren. Lantoki modernoak eraiki zituen SECMek; 700 langile aritu ziren eraikitze lanetan. Produkzioa handitzen joan zen pixkanaka eta eskulana ere gehiago behar zen. Industriak eragindako immigrazioaren urteak izan ziren haiek. Esate baterako, 1908an 869 langile aritu ziren lanean, 1911n 1.200 eta 1916an 1.800.
Herriko biztanleria ere portzentaia berean joan zen hazten, eta 1910eko apirilaren 16an ordenantzak aldatu egin ziren, Beasainen biztanle kopurua asko handitu zela ikusita. 1914an Guardia Zibilaren kuartela amaitu zuten Ezkiaga auzoan. Josetxo Zufiaurreren esanetan, «lehendabizi etorri ziren kanpotarrak gaztelarrak izan ziren. Gero etorri ziren andaluziarrak eta galiziarrak. Horregatik, 36ko gerra sortu zenean, Beasaingo alkatea sozialista zen, Victor Bernedo Zubiaurre elgoibartarra. Bost hilabetean bakarrik egon zen. Sozialista zen, nahiz eta berak Bernedo fabrika eduki».
Langileentzat etxebizitzak
Garraiobiderik ez zen artean, eta langileak lantegiaren ondoan bizitokia izatea zen helburua. Beasainera kanpotik lanera etorritak0 langileentzako etxebizitzak eraikitzea izan zen Beasainen lehentasuna XX. mendeko lehenengo urteetan, bai lantegiaren inguruan, eta baita herrian ere. Honela, 1903rako Fabrika Handiko Langileen Etxeak eraikita zeuden eta enpresako arduradunentzako etxeak edo txaletak lantegiaren barruko eremuan eraiki ziren. Herrigunean ere etxeak eraikitzen hasi ziren; Bideluzen 1904an, eta Arana kalea 1905ean egindakoa da.
Maite Mate eta haren familia 1943an etorri zen Beasainera, aitak CAFen lanpostua lortu ondoren; 5 urte zituen artean. 20 urte zituela CAFen hasi zen lanean, eta 2007. urtera arte, CAFeko etxeetan bizi izan zan. «Nire bizitza izan da Porteria», dio. Hiru atari zeuden eta hiruretan bizi izan zen: «Langileen etxe asko hutsik geratu ziren Ezkiaga auzoan etxe gehiago egin zirenean». Matek ondo gogoan du auzoan bizi zuten familia giroa: «Denok familia giroan bizi ginen, elkarrekin jolasten genuen kalean, bataren eta bestearen etxeetan». Maite Materen alaba Mairu Garmendia ere ondo baino hobeto gogoratzen da ingeniarien seme-alabak zaintzen zituela larunbatetan 15 urte zituela. CAF barruko igerilekura eta pilotalekura ere joaten ziren.
Garai hartan Elizak indar handia zuen, eta nola ez, Santo Cristo kapera ere eraiki zuten Fabrika Handiko atari nagusiaren inguruko herrixkan. Pedro Jimeno izan zen lehenengo apaiza. Zufiaurreren esanetan, haren sermoiak entzutera herriko auzo ezberdinetatik joaten ziren beasaindarrak. Jimeno joan zenean, Lazkaoko fraileak hasi ziren meza ematen, eta ondoren, On Jexux Dorronsoro ataundarra iritsi zen. «On Jexux Los Riosen, Ekuadorren, egon zen misiolari eta handik itzuli zenean Porteriara etorri zen». Katekesia ere bertan ematen zien auzoko haurrei. Matek bertan egin zuen jaunartzea, 7 urterekin. «Jaunartzeko argazkiak CAF barruan ateratzen uzten ziguten». Beste pribilegio bat ere bazuten Ezkiagako auzotarrek: zinea ematen zuten kaperaren gaineko gelan.
Bertan egondako apaizak «oso inplikatuak» zirela dio Zufiaurrek, eta Mate ere iritzi berekoa da. New York txikia bezala definitzen du Matek Porteria, «auzo basatia» zelako: «Ez ginen ez Ordizia eta ez Beasain». On Pedro Jimenok auzoa zibilizatzen oso lan ona egin zuen. Oso politikoa zen. Ezkertiarra. Sermoi onak botatzen zituen». Gainera, Matek gogorarazi duenez, eguerdi partean, lanera sartu aurretik, 13:30etik 14:00ak bitartean, izugarrizko jendetza elkartzen zen Ezkiagan: «Porteria gizonez betetzen zen. Gizon uholdea izaten zen». Estankoa, Oruna eta Garin tabernak zeuden atari nagusiaren parean.

Ekonomatuko lurra erorita hiru emakume hil ziren 1961ean; martxoaren 4ko hileta elizkizunetan jendetza elkartu zen. Josetxo Zufiaurrek utzia
Ekonomatuan hiru hildako
Beasainen ez zen denda askorik, kooperatibaren bat edo beste bakarrik, eta SECMek bere ekonomatua sortzea erabaki zuen 1907an. Kaperaren eta atariaren arteko eraikinean ireki zuten 1908an, beheko solairuan. Iraultza izan zen garai hartarako, salgai zituzten produktuengatik.
Beasaindar askoren gogoan dago 1961. urtean ekonomatuan izandako ezbehar larria: «Erosketak egiteko zain zeudela, lurra erori eta hiru emakume hil ziren». Garai hartako argazkietan ikus daitekeenez, atsekabe handia eragin zuen ezbeharrak eta jendetza elkartu zen hiletetan. Hiru apaizek eman zuten meza: Mauro Elizalde Lazkaoko Beneditarren abadeak, Joxe Begiristain Beasaingo apaizak eta Jexux Dorronsoro kaperako apaizak.
Haurren eta helduen eskolak
Eta nola ez, hezkuntza ere ezinbestekoa izan zen. Batetik, 1930 eta 1954 urte bitartean, «plazatik bi Karmelita etortzen ziren» haurrentzako eskolak ematera, atari nagusiaren eta kaperaren artean zegoen eraikineko lehenengo solairura. Urte batzuk beranduago, Karmeliten eskola langileen etxebizitzen eraikineko beheko solairura eraman zuten. 1954tik aurrera, Lehen Hezkuntzako eskola publikoa jarri zuten. Mairu Garmendiak gogoratzen duenez, «etxeko eskailerak jaitsi eta bertan genuen eskola». 1979an gaur egungo Murumendi ikastetxea sortu zuten Ezkiaga auzoan.
Beste behin ere, aitzindaria izan zen CAF, lanbide eskola irekitzeari ere lehentasuna eman ziolako. 1923ko abenduaren 11n Industria Eskola bat martxan jartzeko baimena eskatu zion Madrilgo Lehen Hezkuntzako Zuzendaritzari, lantegiko langileei eta haien semeei prestakuntza emateko; 1924ko maiatzaren 15ean lortu zuen baimena. CAFen sarrera nagusiaren eta kaperaren artean zegoen eraikinaren behe solairuan kokatu zuten hasieran. Ikasketek hiru urte irauten zuten, mekanika, elektrizitate eta galdaragintza espezialitateak eskaintzen ziren. 1956-57 ikasturtean eskolan klase teorikoak jasotzearekin batera, behean lantegi mekanikoa jarri zuten.
1963-64 ikasturtean azkeneko promozioa atera zen, 1963an Goierri Lanbide Eskola sortu baitzuten eskualdeko hainbat enpresarekin batera. Lazkaibarko zubiaren ondoan hasi zuen Goierri Eskolak ibilbidea, CAFeko eskolarekin eraikina elkarbanatuz.
Pako Dorronsoro ataundarra izan zen CAFeko Lanbide Eskolako azkeneko promozioko ikasleetako bat. 14-15 urterekin sartu zen, Tolosako Lanbide Eskolan errebalida azterketa gaindituta. «San Joan egun inguruan egin genuen errebalida. Azterketa egiten ari ginela, estropadak ikusten genituen errekan». Aurretik Ataungo eskolan eta Beasaingo fraileetan aritu zen Dorronsoro ikasten. «Lanbide heziketa La Sallen hasi nuen, baina gero CAFekora pasatu nintzen. Fraileetan ere bazuten Lanbide Heziketa, baina han ikasitakoak Indarrera edo Estandara joaten ziren lanera». Bizikletan joaten zen Ataungo San Gregoriotik Beasainerako joan-etorria –18kilometro inguru–. «Geroago jarri zuten autobusa». Goizean eskolak eta arratsaldean praktikak egiten zituzten. «Dirutxo bat ematen ziguten hilaren azkenean». Dorronsorok nabarmendu duenez, han ikasten zutenak, CAFen sartzen ziren «automatikoki». Ataundarrak 45 urte egin zituen CAFen lanean. Bizitza oso bat.
CAFeko langileen etxeetako azkeneko bizilaguna
Maite Mate eta Mairu Garmendia ama-alabak Beasaingo Ezkiaga auzoko historiaren parte dira, CAFeko familia handiko alabetako bi. Bertan egin dute bizitza, bertan eraiki dute nortasuna, eta beti bihotzean daramate «ez Ordizia eta ez Beasain ez den Porteria». Ez dute saltzeko euren auzoa, eta ilusio bereziz gogorarazi dute bertan bizitako bizipenak. «Nire bizitza izan da», laburbildu du Matek. 1943an, 5 urte zituela, iritsi zen Beasainera eta 55 eskailera igotzeko zailtasuna izan arte, CAFeko etxean bizi izan zen (2007ra arte). «Gurasoek Irunen ezagutu zuten elkar eta 36ko gerra hasi zenean, Bartzelonara joan ziren. Han ezkondu ziren eta ni han jaio nintzen 38an eta Irunera itzuli ziren Frantziatik barrena». Irungo CAFen hasi zen aurrena lanean, langile bezala. «Baina ikasketa asko zituen nire aitak, eta haren anaia batek Beasainen lan egiten zuenez, hark esan zion jendea behar zutela. Aurkeztu eta hartu egin zuten».
18. zenbakian jarri ziren bizitzen, gero 20.ean –36ko gerran bonba bat erori zen– eta azkena 22.ean, «etxeak husten joan zirelako». Auzoko giro onaren adibidetzat jarri du Matek, urte askoan egin izan duten auzoko emakumeen bazkaria. «Hileta batean pentsatu genuen, eta hiru lagunen artean antolatu genuen. 150 emakume elkartzen ginen».
Karmelitekin ikasi ondoren, Loinazko San Martin plazako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zituen Matek kontabilitatea, takigrafia eta mekanografia. 20 urte zituenean CAFen hasi zen lanean, telefonista lanean lehenengo eta idazkari gero. «Emakume gutxi ginen, 10-12 bat, eta bulegoetan bakarrik. Lantokian ezta pentsatu ere!».
Erlojurik ez zuten behar izaten auzotarrek, CAFeko adarra baitzuten erreferentzia. «Goizean 07:30ean jotzen zuten lehenengo adarra, 07:45ean bigarrena eta 08:00etan azkena. Eguerdian, berriz, 13:30ean, 13:45ean eta 14:00etan». Gauean, ikatz bila joaten ziren. «Gurdiarekin joaten ginen enpresara, zenbaki bat izaten zuen familia bakoitzak, eta ikatza ekartzen genuen etxerako».
Materen alaba Mairuk ere bihotzean darama Porteria. «Denetik genuen han: eskola, solfeoa, mendia, medikua, erizaina, aurrezki kutxa…. Nire izebak etxean ileapaindegia ere izan zuen. Igandeetan bakarrik joaten ginen Beasainera goxokiak erostera». Ordu txikietan etxera itzulitakoan, Genaro goardiarekin izandako gorabeherak ere gogoan ditu: «Zurezko ate handia itxi egiten zuten gauean eta ate txiki batetik sartzen ginen, sekulako hotsa ateratzen zuen. Gurasoei zein ordutan etorri ginen ez esateko esaten genion erdi lo egoten zen Genarori».
Borroka ere egin behar izan zuten: «Auto batek mutil bat harrapatu eta hil zuen, eta semaforoa jartzeko borroka handia egin genuen».
Kronologia
Beasaingo gizartearen eta ekonomiaren garapenean XX. mende hasieran mugarri izan ziren hainbat daturen kronologia:
- Lehen harria. 1902ko uztailaren 23an jarri zuen lehen harria CAFen aurreko Sociedad Española de Construcciones Metalicas enpresak (SECM). Lehen harriaren ikur da sarrera nagusian dagoen ordularia, lanera sartzean fitxatzera joandako langileentzako erreferentzia izan dena.
- Langileen etxeak. 1903ko urriaren 26rako Ezkiagako Langileen Etxeak eraikita zeuden, hiruna solairutako hiru atari. Urte berean, lehen txaletak ibaiaren paraleloan eraiki ziren. Ondoren, bata bestearen segidan 11 txalet zeuden Senpere aldean. Bulego nagusia eta atari nagusia izan ziren altxatzen azkenak, 1905ean. 1920an 25 zinpeko zaintzaile zituen barrutia eta enpresaren barruko txaletak zaintzeko.
- Farmazia eta medikua. 1906an SECMren farmazia inauguratu zuten Ezkiaga auzoan. Jose Jauregik hartu zuen farmaziaren ardura. Osasun baliabide handia izan zen beasaindarrentzat.
- Langileen Ekonomatua. 1907an langileentzako kooperatiba sortu zuen SECMek. Fabrikaren lurretan, Langileen Ekonomatua eta langileen kontsumorako haragia ekoizteko abeletxe bat bat sortzea erabaki zuten. Honela, 1908an Langileen Ekonomatuko eraikin nagusia inauguratu zen, enpresako atari nagusiaren ezkerrera. Abeletxea, 1909an eraiki zen Senperen.
- CAF eta langileen grebak. 1917an Compañia Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izena hartu zuen Fabrika Handiak. Urte hartan CAFeko langileen greba gogorrak izan ziren ekainaren 19an eta 23an. Abuztuan istilu larriak izan ziren fabrikako langileen artean. Giro horretan, Solidaridad Obreros Vascos sindikatua sortu zuten.
- Biztanleriaren bilakaera. Beasainen biztanle kopurua azkar hazi zen: 1900an 1.932 biztanle zituen Beasainek; 1910ean 2.973, 1920an 3.775 eta 1930ean 5.260.