
Kilkerra. «Hobeto belarretan kantari, kaiola batean baino» dio Iñaki Mezquita argazkilari adituak ‘Bizi ezkutua’ liburuan (Lemniskata Kaierak 3). Iñaki Mezquita Aranburu
Udaberriko eta udako egun eguzkitsuetan eta iluntze epeletan, kilkerraren soinua geroz eta usuago entzuten da, Goierriko belardietan. Maiatzaren bigarren hamabostaldian, kilker kantua itzuli da, berriro. Gutxiagoko urteak izan dira, ia batere ez entzuteraino. Izan ere, galzorian baitago kilkerra, Goierriko hizkeran kirkille.
Berez, kantua ez, baizik bi hegalak igurtziz sortzen du hotsa kilkerrak. Arrek ateratzen dute, ernalketarako emea erakarri nahian. Intsektuak dira kilkerrak, orojaleak, gryllidae familiakoa eta orthoptera ordenakoa. Acheta domesticus da europar kilker etxekoia.
Txirrita, txirritxa, txirtxirra edo pinterra ere esaten zaie euskaraz, egiten duen kri-kri hotsagatik. Matxinsaltoarekin senidetuta dago kilkerra, eta haiek bezala atzeko hankekin jauzi egiten dute.
Haurtzaroko jolasekin lotu izan da kilkerra, zapaburuak harrapatzea eta txori-habia bila ibiltzea bezala. Harrapatu eta etxean kantaraziz eduki ohi zen, zeukatenek kaiolatxoan, bestela tapa zulatutako potoan. Letxuga hostoa ematen zitzaien jateko, eta, kantatzeko, ogi mamia ardotan bustita jarri. Zelaian, lurpean egindako zuloan babestu ohi da kilkerra. Kanpora irteten da kantura. Belarri zolia eta begi zorrotza behar da, hotsarekin gidatuz zulorantz gerturatzeko eta zulotxoa ikusteko. Mugimendu nimiñoena nabaritu orduko sartzen da ezkutalekuan.
Kilkerra aterarazteko, belar izpi luze bat zulora sartu eta zirikatu ohi zen. Beste modu bat bertara pixa egitea izaten zen.
Kilkerra gutxitu eta isildu
Kantatzeak badu kilkerrarentzat abantaila bat: entzuten ez denean, falta sumatzen dela. Geroz eta gutxiago entzutea ez da uste edo sentsazio hutsa; entomologoen arabera, gutxitzen ari dira kilkerrak, baita matxinsaltoak, tximeletak eta beste ortoptero ugari ere. Europako Batzordearen 2017ko ikerketa batek dioenez, ortopteroen %28 mehatxatuta dago, batzuk desagertze bidean.
Gutxitzearen adierazle, autoaren aurreko kristalaren fenomenoa jarri dute zientzialariek adibidetzat: orain, kotxezaleek askoz denbora gutxiago igarotzen dute garbitzen. Intsektu kopurua asko murriztu delako. 1989tik, intsektuen biomasa %80 murriztu dela kalkulatu dute adituek.
Kilkerren kasuan ere –intsektu txikiez elikatzen da, landareez gain– habitataren suntsiketak eta eraldaketak zuzenean kalte egin die. Intsektiziden erabilerak ere bai, baina baita baserri jarduera eta landa-eremua bertan behera utzi izanak ere. Intsektuok, aldi berean, gizakiaren kontsumorako landareen polinizazio naturalaren %84 egiten dute. Bien bitartean, arreta erakartzeko kantuan da orain kilkerra.