Leire Iturrioz Ugarte • Goieniz Zinekluba
Testu hau irakurtzean espero dut bigarren fasea delakoa martxan egotea gure artean. Horrek esan nahiko du, beste gauza batzuen astean, zinema aretoak irekita egon ahalko direla, %30eko edukierarekin behintzat. Banuen gogoa momentu hau iristeko!
Hilabete hauetan faltan sentitu dut filmak pantaila handian ikustea. Horrez gain, pena izan da baita ere Goienizen 25. urteurrena zegokion garaian ezin ospatzea (lehen emanaldia 1995eko martxoan izan zen).
Filmak ikusteko hainbat aukera izan ditugu etxetik; batzuk ordaindutakoak, aski ezagunak diren plataforma ezberdinak, film edo/eta serieak ikusteko; beste batzuk doakoak, garai honetan erakunde ezberdinak martxan jarri dituztenak gure artean (Euskal Filmoteka, E-liburutegia…).
Horrez gain, hainbat izan dira elkarte desberdinek sustatutako ekimenak, horien artean Kresala zineklubak astero antolatutakoak aipatuko nituzke, sare sozialen bitartez eginiko elkarrizketekin, solasaldiekin…
Argi dago, beraz, hilabete hauetan filmak ikusteko etxean aukera zabala izan dugula, baina nire ustez ez zinemaz gozatzeko aukera: pantaila handia, aretoko iluntasuna, soinua, jende gehiagorekin batera filma ikustea, ateratzean filmaz hitz egitea lagunartean… Nire ustez, hori ezingo du inoiz ordezkatu etxeko telebistan edo ordenagailuan ikusitako film batek.
Datozen hilabeteetan, normaltasun berrira itzultzean, zinema aretoetara hurbiltzeko aukera izango dugu. Ni behintzat bertan izango naiz!