Moda gure artean dagoen joera eta ohitura da. Urtaroak aldatu ahala, aldatzen joaten da, eta urteak joan urteak etorri, biraka dabil. Hala ere, modak moda, norberaren izaera modarekin bateratzen saiatzea da garrantzitsuena. Horixe da gainera, komertzio txikiotako dendarion lana. Izan ere, bezeroekiko daukagun gertutasunak abantaila handia ematen digu; bezeroa eroso sentiarazten laguntzeko aukera handiagoa daukagu.
Beraz, aurten hau eta beste eramaten da esatea baino, garrantzitsuagoa da norbera zerekin sentitzen den ondoen pentsatzea. Arropa pieza berdina, era batera edo bestera eramango dute bakoitzak; grazia pixka batekin eramatea da kontua. Izan ere, modarik politena norbera ondo sentitzen duena da.
Horretan laguntzeko hainbat truko badaude:
- Gerriz behera: Orain artean praka estuak nagusi izan badira ere, gaur egun luzera eta zabalera desberdinetako prakak daude dendetan aukeran. Beraz, probatu eta aukeratzea da gakoa. Hala ere, oraindik ere taila bakarreko praka estu elastikoak asko saltzen dira. Izan ere, askori kosta egiten zaie praka zabalagoak janztea, gizenagoak ikusten direlako. Kasu horretan, gomendio bat ematen diet bezeroei: gomadun praka zabalagoak gustatuz gero, baina hain lasa eramatea gustatzen ez bazaio, taila bat edo bi txikiagoko praka probatzea. Prakaren estiloa erabat aldatzen da. Hori bai, aurten, praka laburragoak datoz.
- Gerriz gora: Gauza bera gertatzen da alkandora, blusa edo kamisetetan. Kolore, zabalera eta luzera desberdinetakoak daude. Kasu horretan, bular gehiaxeago daukatenei, diseinu aldetik ahalik eta jantzi sinpleena aukeratzeko gomendatzen diet, bolanterik gabeak, mauka zabalik gabeak. Zenbat eta prenda sinpleagoa, orduan eta hobeto geratzen da. Koloreari dagokionean, kolore lisoa aukeratu beharrean, marrazki pixka bat duena aukeratuz gero, bular aldea disimulatzen laguntzen du. Adin bat duten emakumeentzat, besoak erabat agerian eramatea baino egokiagoa da mauka pixka batekoak aukeratzea. Askotan arropa zabalagoa eta kanpotik eramanez gero, disimulatu egiten dela iruditzen zaigu. Baina ez da horrela, normalean oraindik ere zabalagoa egiten gaitu. Gerrikoarekin jokatu daiteke, edo aurretik alkandora edo kamiseta zatitxo bat praketan sartuta.
- Gainetik: Kasu honetan ere, luzera desberdinetako aukera daukagu, gehienak solte eramatekoak, txaketa moduan. Esate baterako, azken bi denboraldietan, alkandora edo blusa luzeak dauzkagu, joko handia ematen dutenak. Alkandora, soineko edo txaketa moduan erabil daiteke. Azkeneko kasu horretan, kamiseta estuxeagoa eraman daiteke, baita tirante meheagokoa ere. Kolore aldetik berdin-berdinak ez diren bi prenda bateratzeko ere baliagarria da alkandora. Azken batean, osagarri bezala oso prenda egokia da.
- Gerrikoa: Gerrikoak tripa markatzen duela pentsatzen dugu, baina hori ere jokatzea da. Tripa pixkatxo bat edukiz gero, gerriko potologoxeago bat jarrita disimulatuta gelditzen da.