Leire Perlines Apalategi • Hitz batzuk Etxaguenetik
Gaurkoan, irakurtzea eta aspergura terminoaren artean egiten den asoziazioa apurtu nahiko nuke. Askotan gertatu zaigu irakurtzea gustuko duen edo irakurtzea bere errutinaren parte den gazte bati «aspergarri» deitzea. Edo, trenean esaterako, bakarrik bidaiatzen ari den gazte bat irakurtzen ari dela ikustean «pentsa zer aspertuta dagoen non irakurtzen ari den», edo horrelako beste hainbat esan edo pentsatzea. Eta nola ez, friki deitzea. Zergatik egin hori? Zergatik pentsatu hori? Zergatik esan hori?
Inoiz une batez gelditu eta jarri al gara pentsatzen irakurtzeak zenbat laguntzen digun? Edo zenbat errazten dizkigun gauzak?
Adituek diotenez, estres maila gutxitu, ezagutza eskaini, gure hiztegia handitzen lagundu, hizkuntzak ikasteko erraztasuna eskaini, kontzentratzen lagundu eta idazkeran laguntzen digu irakurtzeak. Baina, batez ere lasaitzen laguntzen digu.
Irakurtzeak eguneroko bizitzan laguntzen digu. Gizakiok inguratzen gaituena ulertzeko dugun tresnarik garrantzitsuenetariko bat da, eta askotan, alde batean uzten dugu.
Irakurtzea ez da aspertuta egotean azken aukera gisa egiten den zerbait; irakurketa jakinduria da.
Beraz, utz ditzagun aurreiritziak alde batera eta has gaitezen irakurketa sustatzen!