Hiru hilabeteko etenaren ondoren, konfinamendua arintzeko 3. faseak antzokiak ireki –batzuk gaur bertan– eta hainbat kultur ekitaldi egiteko aukera zabaldu du, nahiz eta oraindik, mugatuta egin beharko diren. Kultur arloko eragileek zalantza asko dituzte, ordea. Zuzeneko arteen sektoreko 10 elkartek agerraldia dute, emanaldiak egiteko protokolo argi eta adostuak eskatzeko. «Oraindik ez dakigu zer neurri zehatz hartu behar diren jarleku kopuruen, distantzien eta segurtasun neurrien inguruan». Zuzeneko emanaldien «estigmatizazioa» eten dadila eskatu dute, eurek ere, beste sektore batzuek bezala, beraien jarduna berrabiarazi eta «pixkanakako normalizazioa» lortzeko aukera nahi dutelako.
Udari begira, jakitun dira kontzertu eta emanaldiak ezingo direla orain arte bezalakoak izan, baina horrek ez du esan nahi dena bertan behera utzi behar denik. «Kultur programa alternatibo bat egingarria eta beharrezkoa da». Jaurlaritzak 400 ikusleko muga jarri die kaleko emanaldiei, beti ere, bi metroko tartearekin eta maskara erabilita egiten badira. Eudelek, berriz, 250 laguneko muga ezartzea gomendatu du. Elkarte horiek udalei egin diete deia, haiek baitira zuzeneko emanaldi gehienak antolatzen eta ordaintzen dituztenak. Hala, bitartekaritza lana egin dezatela eta aurrekontuei eutsi diezaiotela eskatu diete.