Eider Saez (Lazkao,1998) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu berri da. Hala ere, gure artean Nøgen musika talde gipuzkoarreko abeslaria izategatik da ezaguna. 2018an hasi zen Nøgen-eko abestiei ahotsa jartzen. Disko bat kozinatzen ari zirela iritsi zaie konfinamendua.
Nola igaro duzu konfinamendua?
Nire etxean igaro dut konfinamendua. Hasieran oso zaila egin zitzaidan erritmoa bat-batean guztiz jaistea, proiektu asko bainituen esku artean. Gero, aukera bezala hartu dut, gauzak beste perspektiba batetik ikusi, deskantsatu eta beste modu batean bada ere, lanean jarraitzeko.
Zer egiten du Eiderrek oholtzatik kanpo?
Orain dela bi aste Komunikazio Gradua amaitu nuen. Komunikazio teknikari moduan nabil orain lanean. Zorte handia izan dut.
Nogen musika taldeak ‘Mila aldiz’ single-a kaleratu berri du.
Mila aldiz izeneko abestia konfinamendua hasi baino lehen sortu zen, maketatxo bat sortu genuen. Hasieran, Aste Santuan grabatzea zen gure asmoa. Grabaketak bertan behera utzi genituen eta orain, deseskalatze prozesua iritsi denean, argitaratu dugu.
Zerbait duzue esku artean?
Bai. Buru-belarri gabiltza diskoarekin. Koronabirusaren eraginez asko moteldu beharra izan dugu sortze prozesua. Dena geldiarazi zen. Etxetik konposatzea posible den arren, guri gehiago gustatzen zaigu lokalera joan eta elkarrekin aritzea. Orain hartu dugu berriz ere martxa. Uztailean grabatuko dugu diskoa, ilusioz gainezka gaude. Material asko dugu eskaintzeko eta gutxika lantzen gabiltza. Printzipioz, urte amaieran entzungai egotea espero dugu. Ea zer ateratzen den.
Nola irudikatzen duzu oholtzara buelta? Noizko?
Streaming bidezko kontzerturen bat eskaini dugu jada. Nahiko urduri geunden, esan bezala aspaldi denak elkarrekin jo gabe geundelako. Dena ondo ateratzeko, bakoitzak bere denboraren tarte bat dedikatu beharra izan dio entseguei. Emaitzarekin ez ezik, lan taldearekin ere oso pozik gaude. Zuzeneko kontzertu txikiak eskaintzen joango gara pixkanaka, baina bitartean, bitarteko berrietara egokitu behar gara.