Beasaingo Fotoetxe denda martxoan itxi dute. 1981ean ireki zuten Joxe Mari Telleria (Idiazabal, 1957) eta Gemma Mujika senar-emazteek, eta Lake Oiarbide batu zitzaien geroago. Orain, jatorrizko denda-estudioan, ‘Nafarroa 23’ izenarekin erakusketa-areto edo galeria moduko bat antolatu du Telleriak, hainbat sormen-ekimen gauzatzeko. «Nire baratzea hau izango da», dio, ‘jubilatu’ ondoren. Beste sortzaile batzuekin jardungo da, argitasuna birsortuz.
Joxe Mari Telleria zarela bai, baina bigarrena?
San Sebastian.
Idiazabaldar peto-petoa?
Telleria abizena Gabiriatik dator, aitona Katarain baserrikoa zen: Telleria Gabilondo. Amaren aldetik dut Idiazabalgo jatorria. San Sebastian ez dakit nondik etorriko zen, baina Aranburu ere badut bere partetik, Segurakoa; ezagupide handia zeukan han amak.
1957an jaioa. Zure haurtzaroa zuri-beltzean al daukazu jasota?
Kolorea bazegoen argazkigintzan ordurako. Ni 19-20 urterekin hasi nintzen, Patxi Iparragirre lehengusuarekin. Zahartxeagoa zen, eta zuri-beltzean errebelatzen ibiltzen zen. Etxe handia zeukaten, tabernaren azpiko bodegan lekua; aitak gela bat prestatu zion, espreski errebelaziorako. Oso asmatzailea zen, kimikako jolasak egiten genituen. Niri betidanik gustatu zait. Beste edozer gauza ikasi baino nahiago nuen argazkigintza ikasi. Baina ez zen posible.
Izan ere, argazkilari bat nola formatzen zen 1970eko urteetako Goierrin?
Autodidakta, erabat. Lehengusuak eman zizkidan liburu batzuk, beste entziklopedia bat erosi nuen, Kodak-ena. Handik ikasiz, proba eginez… Profesional bidea hartzera nindoanean, Gasteizko argazkilari bati bisita batzuk egin nizkion. Publizitatera eta industriara dedikatzen zen; denbora gutxian sarri joanez, intentsibo ikasi nuen. Gero, berriz, kongresuetara asko joaten nintzen; negu garaian, denetara. Beste argazkilari lagun batzuekin adituak ekartzen ere hasi ginen, frantsesak. Haiei lehendik zetorkien artea.
Gera gaitezen hasieran, oraindik. Kameraren bat aldean izango zenuen.
Bai, gordeta daukat lehenengoa, lehengusu batek oparitutako koxkor bat. Idiazabalen futbol partidak orain futbito kantxa dagoen lekuan jokatzen ziren, egundoko lokatzarian. Kamera txiki horrekin ateratzen nituen argazkiak, eta guk taberna geneukanez, gero han jartzen nituen, neuk errebelatuta eta azpian pikardiazko komentarioren bat idatzita. Jendeak barre egiten zuen. Argazkiak atera, errebelatu, jendearekin harremana … dena zirkulu bat da.
Zer nahikari zeneukan? Denborapasa, kazetari bokazioa, sen artistikoa…
Ondo pasatzea. Joera artistikoa ere banuen. Etxean baldosa txikiak margotzen nituen, margo berezi batekin. Arreba zaharrena ere horretarakoa zen. Kazetari lana ere, asko ez, baina egin nuen, herrian gertatzen ziren gauzekin.
Buruan iltzatuta irudi asko izango dituzu, baina bereziren bat gogoan?
Aipatzeko modukoa, bat, biolin jotzailea egin nuena. Gure aitak 15 urterekin jotzen zuen biolin bat hartu, eta etxeko ganbarako leiho borobilaren parean altueran enkuadratuta lagun bat jarri nuen jotzen, lastozko kapela jantzita. Magia zeukan leiho hark: armiarma sarez beteta, goitik behera egurrak eta zutabeak, hautsa eta traste zaharrak… Altxorra zen. Eibarko lehiaketa batera bidali, eta saria atera genuen. 1980a zen.
Beste bat, 1985ekoa. Ataungo Jentilen Etorreran ateratakoa da. Unearekin gogoratzen naiz. Telebistakoak etorri ziren, eta bertako argiak itzali zirenean, euren fokua piztu zuten haiek. Argi harekin eta suarenarekin atera nuen. Marques de Rocaverde nazioarteko lehiaketan 3. euskal herritarraren saria atera nuen horrekin, Donostian.
Argazki bakoitzaren historia eta inguruabarra ere ondo dakizkizu.
Bai, historia buruan edukitzen dut. Argazki kaxkarrak ere asko ziren, nahiz gero balio sentimentala izan. Orduan bitartekoak ere ez ziren berdinak. Kamera oso sinplea neukan. Baina etxeko ganbarakoak oso gogoan ditut, gauza oso bereziak azaltzen ziren. Alaba idazle zaletua da, eta egunen batean hor badu gaia, zerbait idazteko. Objektu zalea naiz, nolabaiteko lotura daukatenena. Sentimentala naizelako izango da.
«Hazia erein nahi dut, eta asmoa gauzatzen eta bideratzen ari naizela uste dut»
«Ekimen ez komertzial asko egin ditugu, kapritxoz eta irabazirik gabe. Baina xarma bat ematen zioten Fotoetxeri»
Noiz ikusi zenuen profesionalki hasi nahi zenuela? Fotoetxerekin batera?
Denbora gutxian erabaki nuen. Aurretik ere esaten nuen, baina ez nuen uste ahal izango nuenik. Forma hartzen joan zen ideia, eta gauzatzeko modua ikusten hasi nintzen. Gogo eta ilusio gehiagorekin hasi nintzen, jakinduria baino. Jakinduria gero etorri da.
Fotoetxe 1981ean zabaldu genuen, San Migel egunean. Gemma [Mujika] emaztea fabrikan zebilen lanean, baina mila proiektu egiten genituen elkarrekin. Lokal hau ikusi [Nafarroa 23koa], eta martxan jartzeko garbitasun batekin ikusi genuenean, fabrikako lana utzi zuen. Haren aita eta nirea, kezkatuta: lan finko bat utzi eta hor sartu? Gero oso gustura hartu zuten haiek ere. Gurasoek asko lagundu ziguten, eta obra etxekoekin eta lagunekin egin genuen. Makina bat jendek lagundu zigun.
Harrezkero, zenbat goierritar ez ote da jarri zuen kameren aurrean!
Asko. Harreman asko egin ditugu, alderdi politena hori da. Presioa ere handia da, ezkontzetan adibidez; ondo egin behar duzu lana, eta egun huraxe da. Saiatu, saiatu eta saiatu, hori da gakoa. Gemma eta biok hasi ginen, hasieran. Proiektu eta ideia asko hemendik kanpora sortzen ziren, oporretan edo egunpasa genbiltzala. Bere konplizitatea beti eduki dut. Geroago hasi zen Lake [Oiarbide], eta errefortzu oso ona izan zen. Ezberdinak gara biok, baina elkar oso ondo osatzen dugu. Ni sortzaileagoa naiz; gustatzen zait, gainera. Lake xehetasunen zalea da, metodikoa. Elkarren arrimuan oso ondo funtzionatu dugu.
Herritar xeheak, hamaika talde eta elkarte. Famatuzale izaten baino gehiago, alde herrikoia arte mailara jasotzen ahalegindu zarete. Irudipena.
Ekimen asko egin ditugu Fotoetxen, eta oraingo Nafarroa 23 proiekturako bidea egina zegoen. Dantza taldeekin, erraldoiekin, taldeekin… lan asko egin dugu. Egiteko modua ez zen komertziala zuzenean, kapritxoz eta gogoz egiten zen. Irabazirik ez zeukan –alderantziz, gastua zeukan–, baina xarma bat ematen zion Fotoetxeri, beste modu batean lan egiten zela erakusteko. Eta, era berean, pertsonalki gozamena eta satisfazio handia ematen zuen.
Argazkiak berak ‘deitzen’ dizu zuri? Edo bila joan behar da, zain egon?
Musikan edo bertsoetan bezala da argazkigintza ere: batzuek berezko dohaia dute besteek ikusten ez dutena ikusteko. Gaur egun, argazkigintza ikasi egiten dute, geroz eta gehiago gainera, dauden bitartekoekin; baina batzuek berez ikusten dute. Gustura sentitzen da bat zerbait ikusitakoan. Argitasuna oso garrantzitsua da niretzat; paisaia batean, ordu egokia behar da. Enkuadre eta argitasun konbinazioa asko gustatu izan zait, beti.
Argazkilari izateaz gain, idaztea ere gustatzen zaizu.
Idazle oso arrunta naiz, baina gustatzen zait. Betidanik idatzi izan dut. Edozein liburuxka, dietario edo agenda erabiltzen ditut gogoetak eta oharrak idazteko. Azkenekoa, aitak ardo biltegia eta taberna zeukaneko kontabilitate-liburua, Vinos 1984 jartzen du bere eskuz. Gutxi erabilita zegoen, eta ganbarako altxor horietaz daukat idatzita.
Erretiratu zara, eta orain Nafarroa 23ra itzuli. Jatorrira?
LagunArtea kontzeptua ari naiz erabiltzen hau definitzeko. Artea hitz larriz idazten dut, lagunartea eta artea batzeko. Argazkilaritza, eta ekimena edo sortzaile alderdia konbinatzen ditut. Hainbat proiektu ditut: Argigraphia ikasleekin eta taldeekin erakusketak egiteko, Ogibideak zenbait lanbidetakoak erretratatzeko, idazleekin Irudiak eta hitzak, beren testuak argazkien azpian jarrita. Hiru Telleriak erakusketa ere jarriko dugu, Jokin margolariak, Joxemari segurar margolariak eta neuk. Azokak, jaietako erakusleihoak, paisaiak ikusgai… proiektu asko ditut hemen.
Zer lortu nahi duzu?
Nire baratzea da hau. Hazia erein nahi dut, eta asmoa gauzatzen eta bideratzen ari naizela uste dut. Zailtasuna segimena izatea da, baina badut fedea segituko duela, ekimen horiek sortzeko gai sentitzen naizelako ni. Estudioa mantentzeko aukera eman dit. Saltzeko ez du agian dirurik balioko, baina esperientzia eta jakinduria daukat, urte askotan ibilita. Argia kontrolatzen jakitea aukera ederra da. Tarteka –hilean bat edo–, ekimen horiek gauzatu nahi ditut, agian gehiago ere bai. Beste gauza bat da jendea erakartzea; hitzorduekin eta aurkezpenekin ekartzen noan eran, martxa eman diot. Eskola-umeen eta taldeen bisitak ere izan dira, mintzalagunak, idazle eskolakoak…
Sortzaile baten ametsa betetzea da, orduan: sormena lantzeko eta besteekin banatzeko eremua izatea.
Sortu egin nahi dut. Ideia bat lantzen ondo pasatzen dut. Nik behar dut espazio hau, niretzat. Toki bat daukat hemen, erakusteko aukerarekin eta jendearekin harremana izateko. Sozializatzeko, modan dagoen eran esanda.
Familiartean ereindakoa etxe bihurtu duen artista
Hitz emari oparokoa eta errazekoa da Joxe Mari Telleria. Jendearekikoa, tratu hurbilekoa. Familiakoen erreferentziak behin eta berriro atera ditu hizpidera: Patxi Iparragirre lehengusu bide-erakuslea, Beatriz arreba zena –berarekin lan egina bolada batean–, alaba Amaia idazlea –eleberria argitaratu du aste honetan–… Eta Gemma Mujika, emaztea eta lankidea: ‘konplizitatea’ hitzarekin josi du harekiko lotura.
Istoriozale izateaz gain, historiazalea erebada. Xehetasun guztiz gogoratzen ditu Bittoriano aitaren eta Naxario eta Rikardo osaben gerra-ibilerak. Musikaren pentagrametara eramaten saiatu zen aita, eta Idiazabalgo elizan organoa jotzera ere iritsi zen. Baina belarririk ez, bere ustez. Begia bai, ordea.
Ametsak egikaritzeko kemena ere izan du. Muñecas kapitainaren ‘jolas’ sadikoak probatua da, gaztetan. Kuadrilla osoa atxilotu eta espetxeratu zuten. Franco hil zen egunean sartu zuten Martutenen, eta San Blas egunean kaleratu. Naxario Telleria lehengusua eta taldekoak tabernaraino sartu zitzaizkion txistua joz. Bertso jaialdian, hurreratu zela ikustean, Jesus Azurmendi aurkezleak gai bihurtu zuen. Argitasuna xurgatu eta kolorea zabaltzera dedikatu da, harrezkero.
Etxea du sorleku, ganbara altxorrez betea aurkitu zuenetik. Tabernako semea, txikito artean hasi zuen argazkigintzaren bidaia erraldoia. Fotoetxeren itxiera konfinamenduak lausotu arren, sormenaren iturria Beasaingo Nafarroa 23an ireki du orain, arte-egarri diren denak –bera lehena– asetzeko.