Yassin Reghif (Ordizia, 1995) Pub Haka tabernaren jabeetako bat da. Ordiziako Etxezarreta kalean kokatzen den Haka taberna 2016ko uztailaren 9an inauguratu zuten. Konfinamenduak gogor jo duen arren, Ordiziako tabernari gazteak babak eltzetik atera ditu.
Nola izan da normaltasun berrira buelta?
Zaila izan da. Tabernak irekitzea baimendu zutenean ez genekien nola jokatu. Hasieran taberna ez irekitzea erabaki genuen. Egun batzuk igaro ondoren eta beste herritako tabernetako joera aztertuta, berriz ere Hakako ateak ireki genituen. Terrazan esertzea soilik zen posible eta horrek lan bikoitza ekarri zuen.
Zeintzuk izan dira hartutako babes neurriak?
Iturri ofizialek zabaldutako argibideak jarraitu ditugu. Horrez gain, deseskalatze prozesuan Udalarekin jarri ginen harremanetan, leuntze faseak nolako aldaketak ekarriko zituen jakiteko. Mahaien arteko distantzia gorde dugu, gel hidroalkoholikoa jarri dugu komuneko sarreran, taberna desinfektatzen aritu gara… Hala nola moldatu gara.
Eta bezeroei dagokienez zer?
Jendea lagunekin biltzeko gogoz irten zen kalera. Nork ez zuen lagunekin garagardo bat hartu nahi bi hilabete etxetik atera gabe egon eta gero? Gainera, hemen poteak hartzeko ohitura oso errotuta dugu. Hala ere, orokorrean jendeak arduraz jokatu du.
Nolakoak izan dira konfinamenduak eragindako kalteak?
Egunerokotasunari esker zabalik jarraitzen duen taberna da gurea. Gogorra izan da baina ez ezinezkoa. Adibidez, kirol emanaldiak egon ez diren bitartean, guk ez dugu hileko kuotarik ordaindu. Aurrezkiez baliatu gara aurrera egin ahal izateko. Orain, pixkanaka, jasandako galerei aurre egingo diegu.
Konfinamenduan ekimen berezi bat jarri zenuten martxan.
Egoera latza zela ikusita, ekimen bat martxan jartzea erabaki genuen. Artisau garagardoa etxez etxe banatzea otu zitzaigun. Hasieran soilik Ordizian banatzen genituen. Ez genekien ea kotxea erabiltzea posible zen, beraz, oinez ibiltzen ginen. Instagram bitartez jartzen nintzen eroslearekin harremanetan. Eskaria osatu eta segurtasun neurri guztiak betez banatzen nituen garagardoak. Argia bezalako gastuak estaltzeko balio izan digu honek. Jendea garagardo artisauen mundura gerturatzeko ere izan da baliogarria. Gestorearekin hitz egin ondoren banatzeari ekin genion. Lazkaora eta Beasainera ere eraman genituen zerbeza batzuk. Kotxea erabili ahal izateko, Ertzainarekin eta herriko udaltzaingoekin jarri ginen harremanetan. Sare sozialen bitartez, nire proiektua ezagutzera eman nuen. Hori dela eta, Gipuzkoako beste herri batzuetatik ere eskatu zidaten. Besteak beste, Hernanitik, Azkoititik, Azpeititik, Elgoibarretik edo Debatik. Asko zor diot Debako lagunari.
Eskerrak eman nahi dizkiet nigan konfiantza izan dutenei, aurrera ateratzen lagundu didatenak baitira.