Julen Arakama • Butak21 zinekluba
Laurogeita hamar urte bete berri ditu Clint Eastwood zinemagile eta antzezleak. Zinema egin, begiratu eta ulertzeko modu klasikoaren azken biziraulea da Clint. Hollywoodeko urrezko hamarkadak amaituta iritsi zen zinemara, baina ondoren iritsi arren, garai haren oinordekotza eta aho zapore klasikoa gure garaira ekarri duen ikono ezagungarriena bera izan da. Bere ibilbidea amaitzen duenean itzuliko ez den zerbait betirako desagertu dela konturatuko gara. Honen harira bere karreran agian ezagunenak ez diren pare bat film gogoratu nahi nituzke.
- The beguiled (1971): Gure artean El seductor bezala ezaguna. Bere antzezle garaiko zuzendari kuttunena izan zen Don Siegelek zuzendu zuen Eastwood, Harry Zikinarena egin zuten urte berean. Gerra Zibilean zauritutako soldadu bat neska eta emakume gazteei babesa eskaintzen dien etxalde handi batean artatuko dute. Soldadu lausengarriak emakume guztiekin ekingo duen sedukzio jokoak, western sexual, maltzur eta bitxi bat abiaraziko du. Hainbat western jorratu dituen Clintek, normalean erakusten duen pistolero isilaren figura alde batera uzten du film klaustrofobiko eta berezi honetan.
- Outlaw Josey Wales (1976): Gure artean El fuera de la ley bezala ezaguna. Eastwooden hitzetan bere film maiteenetarikoa da, eta zuzendari bezala egin zuen lehen film handia askorentzat. Familiarekin etxaldean bizi den soldadu ohi batek familia galduko du, gerrilla baten eskura. Mendekua beste ezer ez du bilatuko handik aurrera. Hilzorian zegoen westernari Eastwoodek epika itzularazi zion, nortasun nihilista azpimarratu bat gehituz, indarkeriaren trataera latza ia jasanezina eginez.