Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Sanferminak, edo hobe esanda, Ezsanferminak dira lerro hauek idazterakoan hizketagai komunikabideetan. Jendeak zapi gorria eskuan beharko luke gaur, eguerditik aurrera lepoan jartzeko, lagunartean edo familiartean egiten den hamaiketakoa tarteko. Eta ez. Ez dago erritualik. Ez dago sanferminik. Niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan hilaren 2an Santa Isabel egunean. Ez ginen, urtero legez, goiz eta korrika jaiki, termo kafekadak egin, dantzari eta txistulariak igoeran lagundu belarrez eta lorez atondutako Eitzatik pasata, Sustraitegiren hamaiketakoa egin, negar malkoari eutsita dantzak ikusi… Aurtengo santaixabeletan ez zen erritualik egon eta galduta egon ginen neurri batean. Egon, egon zen zerbait, eta kanpotik ikusita ondo antolatuta, baina egoerak bultzatuta, tradizioari keinua besterik ez zen izan. Iruindarrak eta sanferminzaleak hala sentituko direla pentsatzen dut. Errituala ez baita edozer gauza. Nik banuen susmo hori, baina Byung-Chul Han filosofo korearrak hala idatzi du, eta filosofo batek esaten badu ez da ba zumarragar soil baten iritzia izango, ezta? Errituak ekintza sinbolikoak direla dio, eta komunitatea kohesionatuta mantentzen duten baloreek eta aginduek osatzen dituztela. Ezberdinen elkarterako lotune omen dira. Eta denbora, garaia, bizigarri egiten dutela. Bada, errituen inguruan sortutako festak eta ospakizunek hala baieztatzen dute. Horrelako ekitaldi jendetsuetan komunitate sena oso agerian jartzen da. Eta koronabirusak, beste gauza askoren artean, festaren inguruko errituak ospatzeko aukera kendu badigu ere, duela hilabete batzuk heriotzaren ingurukoak egiteko parada ere bertan behera utzi zuen. Eta antza, horrelako ekintza sinbolikorik gabe, zaila omen da gure burua espazioan, fisikoan zein espiritualean, kokatzea. Gai filosofikoak alde batera utzita, udako ospakizunak errutinan arnasa hartzeko geldiunea ere badira. Lan urtearen ostean, oporren aurretik datorren azken txanpa gasolina moduko batekin betetzeko parada. Eta ez, festak ez izateak ez gaitu akabatuko; eta bai, badira gai serioagoak eta larriagoak ere, baina tira, alde emozionalari pixka bat begiratzea ez datorkigu gaizki eta erritualik gabe galduta sentitzea normala dela jakiteak, modu batean edo bestean lagundu gaitzake. Testu honek argia ikusterako 2020ko Ezsanferminen hasiera erabat pasata egongo da komunikabideetan eta hauteskundeak ate joka izango dira. Hauteskundeek, ordea, ez omen dute komunitatea kohesionatuko duen errituen kutsurik ezta erakarpen gaitasun handirik ere.