Leire Lopez (Legazpi, 1997) Osakidetzan erizaintza lanetan ari den legazpiarra da. Ikasketak bukatu orduko, Zumarragako Ospitalean hasi zen. Covid-19aren hasierarekin batera testak pazienteen etxeetan egiten hasi zen. Ondoren, etxeko ospitalizazioa heldu zen: adinekoen egoitzetan testak egiten eta gaixoak tratatzen aritu ziren. Azken aste hau Ordizian pasa du bertako herritarrei PCR probak eginez. Ordizian bakarrik 300 testetik gora egin dituela kalkulatzen du legazpiarrak. Otsailean egin zuen lehena. Harrezkero mila PCR proba baino gehiago egin ditu.
Aste honetan Ordizian ibili zara PCR probak egiten.
Bai, asteburuan 7 positibo zeudela esan ziguten. Segituan esan ziguten Ordiziara joango ginela. Aste honetan etengabe aritu gara herritarrak artatzen. Etxezarreta kaleko tabernetariko batean egon direnak izan ditugu. Baita ere positibo eman duten ordiziarren familiarteko zein lagunak.
Bat-batean izan zen?
Erabat. Positibo eman duten askok kasualitatez egin dute testa, zantzuak izan gabe. Eta horri esker diagnostikatzen ditugu. Oso garrantzitsua da une horretan protokoloa martxan jartzea. Abiadura handiz hedatu daitekeen gaixotasuna da koronabirusa. Kutsatuekin harremana izan duten pertsona orori egin behar diegu testa. Eta hala egin dugu.
Gogorra izan al da?
Lan asko egin dugu hasieratik. Konfinamenduan oso latza izan zen adinekoen egoitzetan edo etxean gaixo zeudenekin lan egitea. Horietariko asko inor alboan izan gabe sendatu dira. Beste batzuk ia-ia bakarrik hil dira. Gu egon gara horiekin momentu oro, baina ez da berdina. Gaixoen familientzat ere zaila izan da. Eta Ordizian ere lan asko egin dugu.
Nola ikusi dituzu ordiziarrak?
Denetik dago. Jendea urduri egon da. Normala da. Oso urruti ikusi dugun zerbait izan da. Norberaren herrian pasatzen denean asko larritzen gara; gure inguruan pasatzen denean. Prebentzio neurriak ez ditugu behar bezala hartu eta horregatik eman dugu atzerapauso hau. PCR probak ez du minik egiten, baina ez da atsegina. Proba egin baino lehenago oso urduri egoten dira, baina oso azkar egiten den testa da.