Aitor Urdangarin • Baserritar erbesteratua
Uda gerturatu ahala, aldizkari healthyetan, youtubeko kanal fitnessetan edota instagrameko influencer orrialde guztietan azaldu ohi da, berde-berde, osasunaren ikur. Egungo komunikabideen aldrebeskeria, finean. Lapurrak heroikotasuna sinbolizatuz. Ongi irakurri duzu, bai. Letxugak lapurrak dira! 300 kaloria jartzen ditugu guk; berak, berriz, 35 itzuli… Gizarte gisa, inperatibo bat da beraiekin amaitzea!
Eta barraskiloek, zer jango dute orduan? Etxeko baratzera joan, eta horixe proposatu diot barraskiloetako bati. A zer nolako haserrea, ia-ia haragijale ere bilakatu da! Hala erantzun dit, oihuka: «Letxuga hauek ez, gutxi batzuk aberasteko nekazaritza industrialak petroleoarekin ekoitzitako letxugak dira lapurrak! Etxeko letxugak plaka solar efizienteenak dira, energia elikagai forman gordetzen duten bateria puntakoenak, jasangarriak eta ekologikoak. Eta gainera goxoenak. Zu eta ni, denok hobeto bizitzeko tresna».
Barraskiloak esana, eskerrak zuri letxuga! Bertako ekoizleen letxuga jasangarriak askatu eta dastatu!