
Urretxuko Iparragirre plaza XVII. mendeko sute batek ‘diseinatu’ zuen. XVIII.ean pilotalekua moldatu zuten, eta 1881ean berritu zuten, Iparragirre hildakoan.
Urretxuko plaza nagusia, gaur egun Iparragirreren izena duena, XVII-XVIII. mendeetan egituratu zuten, oraingo forma eta neurriekin. Erdi Aroko beste hiribildu batzuetan bezala, sua izan zen eskultorea. XVII. mendearen erdi aldera sutea batek suntsitu zituen orain plaza den orubeko etxebizitzak, baita Tourseko San Martin elizaren zurezko kanpandorrea ere. Segurako San Joan plaza ere gertakari eta ondorio berberekin zehaztu zen, XVII. mendeko sute batean.
Urretxuko hiribilduan hiri antolamendu berria zehazteko aukera eman zuen soildutako eremuak, XVIII. mendearen erdian. Pilotalekua jarri zuten 1750ean, herritarren bilgune eta jolastoki izateko –Seguran bezalaxe–. Zelai irekia zen, errebotean jokatzeko luzea.
Kalera edateko urak ekartzeko ere baliatu zuten ilustrazio garaiaren berritze sukarra. 1764an iturri publikoa eraiki zuten, ura kanalizatuta. Ignacio Areizaga ingeniari militarrak gidatu zuen proiektua.
Plaza XIX. mendearen azken zatian berritu zuten. Bi mailatan zegoen ordura arte, eta berdindu egin zuten. Joxe Mari Iparragirre 1880an hil zenean, bi mende lehenago sua bezala, heriotza izan zen plaza biziberritu zuena. Koblakariaren estatua 1881ean kokatu zuten enparantzaren buru, Gernikako haritzaren landareak alboan zituela.
Eraikin aipagarriak
Herriko eraikin aipagarri asko plazan eta inguruan daude, Urretxun. Hauek batzuk:
- Aizpuruenea etxea. Fermin Jose Aizpuru eskribauak eraikiarazi zuen, 1770etik 80ra bitartean. Erretako etxe baten orubean altxatu zuten. Karkaba atzealdean zuen, eta haren gainetik iristen zen baratzera. Udalak 1980 inguruan erosi zuen, eta kultur etxea da orain.
- Galdosenea. Galdos familiaren oinetxea eta abizenaren sorlekua. XVI. mendearen erdi aldera eraikia da. Bibliako kondaira bat idatzi zioten: ‘La maldicion de la madre abrasa de raiz hijos y casa’, erlijioan eragiteko.
- Ipeñarrieta-Corral jauregia. Erregearen kontulari nagusi Cristobal Ipeñarrieta Galdos hasi zen eraikitzen, XVII. mendean, eta semeek bukatu zuten. Idazpuru erlijioso bat du atalburuan: ‘En la casa del que jura no faltara desventura’. Udalak 1890ean erosi zuen. Udaletxea da.
- Faktorekua etxea. Martin Otxoa de Irigoien kontu faktorea zen, eta handik izena. Etxe errenazentista garrantzitsuena da, 1570ean hasi eraikitzen eta 1600ean bukatua. 3 gargola ditu.