Ikasketek eta formakuntzak eman zioten ekonomialari titulua Joseba Barandiarani (Legazpi, 1973), eta lan esperientziak berretsi dio titulu hori. BBVA banketxeko langilea da 1998tik. Urte hauetan ekonomia arloko gertakari garrantzitsuak bizi izan ditu barrutik, orain pandemiak ekarri duen krisia bezalakoak.
Biografiari erreparatuta, ikasketak dira lehenik. Non ikasia zara?
Legazpiko Haztegi ikastolan egin nuen OHO, eta batxilergoa Urretxuko Lizeoan. UBI Amerikako Estatu Batuetan, eta itzulitakoan, Bilbon, Ekonomia.
Garai hartan ez zen oso normala atzerrira ikastera joatea.
Bai, nahiko arraroa zen. Guk lehengusu bat genuen Eibarren hori egin zuena, eta hari segika edo…
Non egon zinen?
Kalifornian, gero Clint Eastwood alkate izandako herrian, Carmelen. Oso herri polita eta berezia da, jubilatuz betea.
Nolako esperientzia izan zen?
Ikaragarria! 1990-91 ikasturtea zen, eta urte betean, etxera bitan bakarrik deitu nuen telefonoz, gustura nengoen. Garai haiek oso esberdinak ziren, eskutitz bat bidalita ere, 15 egun egiten zituen bidean. Familia batekin egon nintzen, terrenoa zeukan etxe batean, zaldi eta guzti.
Eta ikasketak?
Eskola txiki bat zen, eta hautazko asko genituen. Ikasle bakoitza bere erritmora moldatzeko aukera ematen zuen. Sistema nahiko malgua zen.
Han erabaki al zenuen zer ikasi gero?
Ni beti kazetaritza ikastekotan ibili nintzen, baina handik etorri eta ahulaldi baten harrapatu ninduen arrebak eta ekonomia ikasteko esan zidan. Azkenean Sarrikora joan nintzen.
Bost urteko karrera zen, eta laugarrenean Erasmus bat harrapatu nuen. Orduan ez zen asko ezagutzen, baina ni Frantziara joan nintzen.
Frantsesa ere bazenekien orduan.
Ez asko. Aurreko udan hilabete bat egon nintzen Landetako herri batean ikasten. Gero iparraldera joan nintzen, Lillera. Lille, ekonomialari batentzat hiri erakargarria da, Decathlon eta La Redoute enpresek han dutelako egoitza.
Laugarren ikasturtea egin nuen, eta hango esperientzia ere ikaragarria izan zen. Ikasteko sistema ez zen diferentea, baina bai ikasleen alojamendu kontua; han egoitzen sistema oso merkea zen. Campusean bertan bizi ginen, eta oinez joaten ginen eskoletara.
Ikasketak amaitutakoan, zer?
Karrera amaitutakoan, matematika neukan aukera bezala, eta Bilboko unibertsitatean geratzeko elkarrizketa ere egin nuen, baina hura ez zela nik nahi nuena, eta Madrilera joan nintzen, bi urterako, Espainiako Bankuaren fundazio batera, beka batekin, graduondoko antzekoa egitera. Handik doktoradutza egiteko aukera zegoen, eta atzerriko unibertsitate baterako sarbide bezala ere ona zen. Eta lanerako ere bai, finantza sektorerako.
Garai hura ez zen lanerako aproposa, 1990eko hamarkada zen, 1982-83ko krisia berri samarra zen. Aukera ona zen Madrilgoa, eta aprobetxatu egin nuen, kobratu ere egiten genuen. Baina bi urte haiek oso gogorrak izan ziren eta horregatik erabaki nuen lanean hastea.
Nun hasi zinen lanean?
Bilbon. Guk genuen formakuntzarako lanaren %90 Madrilen zegoen, Katalunian apur bat eta Bilbon oso gutxi, eta ni Bilbora begira jarri nintzen, eta 1998an BBV banketxean hasi nintzen lanean; 1999ko fusionatu eta BBVA bihurtu zen.
Lanean hasitakoan bihurtuko zinen benetako ekonomialari.
Titulua banuen aurretik, baina lanbidez ekonomialari ordutik naiz, bai. Hala ere, garai hartan egiten nuena ez zegoen oso lotua ekonomiarekin, baizik eta finantza merkatuarekin.
Zein izan da zure lan bilakaera?
Lehenengo bi urteak egon nintzen finantzen merkatuaren alorrean, eta gero beste lauzpabost urte egin nituen Latinoamerikako negozioekin harremana zeukan beste sail batean. Haren ondoren, likideziari begira jarri ninduten.
Zer da zehazki likideziaren alorra?
Nik beti alderatzen dut Dorre Bikietako larrialdi irteeren arduradunaren lanarekin. Larrialdirik izan ez zen bitartean, inork ez zekien zer egiten zuen eta zein zen… Guri gauza bera gertatu zitzaigun Lehman Brothers krisiarekin, gu ginelako alor haren zaintzaileak.
Gure lana bankuaren likidezia zaintzea zen. Kontuan izan behar da banku guztiek likidezia faltagatik egiten dutela porrot. Gure bankuaren bihotzari pultsua kontrolatzea zen gure egitekoa, eta kudeatzaileei esatea zein parametroren barruan mugitu behar ziren; gero haren jarraipena egin eta txostena egiten genuen, guk proposatutakoak nora eraman gintuen ikusteko. Erabaki gutxi hartzen genituen, baina jarraipena eta kontrola gure ardura zen.
Gauza teoriko bat lantzen zuen taldetxo bat izatetik erdian egotera pasa ginen. Bizipen bezala interesgarria izan zen, nahiz eta garai gogorra izan.
Krisi latza izan zen hura.
Bai, 2007tik 2010era bitartean gertatu zena ez genuen inork espero, orain pandemiarekin bezala. Mundua jauzi egin zen. Lehman Brothers mundu osoko erreferentea zen, eta haren hondamendia ikaragarria izan zen.
Handik atera ginen.
Atera baino, pasa ginen. Momentu hartan denok aberatsak ginen uste faltsu batean, gazteek ez zuten ikasi ere egin nahi, lantegian asko irabazten zutelako. Ematen zuen dena ondo zijoala, baina gero horrek ondorio gogorrak izan zituen. Logika gutxiko garaia izan zen.
Orain beste arlo batean zabiltza.
2010etik ikerketa zerbitzuan egiten dut lan, berez ekonomialari baten lana da. Beste erritmo bateko lana da. Lurralde jakin baterako ekonomia txostenak egiten ditugu, koiuntura ekonomikoaren jarraipena egiten dugu.
Lanpetuta ibiliko zarete oraingo egoerarekin.
Bai, baina oraingo krisiak ez du zerikusirik aurrekoarekin.
«Lehman Brothers krisia lehertu zenean, gure lana BBVA bankuaren likidezia zaintzea zen, bihotzaren pultsua kontrolatzea»«Oraingoa epe laburrean kaltegarria da, baina krisi ekonomiko desberdina da eta gauza asko bistaratu dituela uste dut»
«Honek gauza batzuk birpentsatzera eramango gaitu, globalizazioaren kontra eta lokalagoaren alde egitea, adibidez»
Kalte ekonomikoa hain handia al da?
Kaltea edo… Gauza denetatik onura etorri daitekeela pentsatu behar da. Honek erakutsi ditu bi gauza. Batetik gure bizimodua zein hauskorra den, edozer gauza txiki gertatuta mundua hankaz gora jarri daitekeela. Eta bestetik, naturan izan duen eragina, zaratarik eza eta…. Kaltegarria? Bai, epe laburrean kaltegarria da, baina krisi ekonomiko desberdina da. Nik uste dut bistaratu dituela gauza asko, gu ari gara gauzak modu batera egiten , baina ez daukagu zertan bizi bizi garen bezala, denak presaka alde batetik bestera, mugagabeko mundu batean, kontsumoan oinarritutakoa… Oinarrizkoa janaria eta osasuna direla ikusi dugu, beste guztiak itxoin dezake.
Nola geratu da mundua?
Birusaren bilakerak baldintzatuko du guztia, baina hemendik aurrera gaur arte bezala jarraitzen badugu, horrelakoak sarriago gertatuko dira.
Nik pentsatzen dut honek marka utziko duela, ez du mundua goitik behera eraldatuko, baino prestatuago utziko gaitu berriz ere antzeko egoerak datozenerako. Gauza batzuk birpentsatzera eramango gaitu, lokalagoaren alde egitea adibidez, gehiegizko globalizazioari ikusi zaizkiolako arazo batzuk, oso bistakoak. Lehendik bazeuden globalizazioaren aurkako mugimenduak, Trump-en politika hortik doa, Erresuma Batuko Brexit-a, Europako eskuin muturraren suspertzea… Honek, gehiago behartu gaitu globalizazioaren aurka jartzera.
Aldaketak egongo dira eta trantzisio horretan tentsioak egongo dira, birmoldaketa denak zailak direlako.
Hemen, Goierrin zer gertatuko da?
Aurreko krisiaren ondotik, automozioa eta turismoa izan dira bi lanpostu iturri garbi, eta orain biak daude kolokan edo zalantzan, baina arrisku kontzentrazio aldetik eta menpekotasunaren aldetik asko aurreratu da, ez dago lehen bezalako menpekotasunik. Orain beste mundu batean gaude, hemendik ia edozein lan egin daiteke, eta alde horretatik, nahiz eta beste erronka batzuk izan tartean, nik ez dut egoera hain gaizki ikusten. Jakinda krisia etorriko dela eta zailtasunak egongo direla, iruditzen zait baikor izateko arrazoiak badaudela, edo ez behintzat ezkorrago, beste krisi batzuetatik atera garen bezala, aterako garelako. Egin beharko dena da aldatzen asmatu, aukerak ondo onbideratu. Aukera bat bezala ikusi behar dugu.
Aukerak zertarako? Negozio berriak sortzeko?
Negozio berriak, ikuspegi berriak, bizimodu berriak… Esamoldeak dioenez, «Beharra eragile on». Premiak berak eskatzen du. Moldagarritasuna badugu, eta hori baliatu behar dugu.
Mezu positiboa, orduan?
Bai. Ni baikorra naiz, eta uste dut baikorrak izan behar dugula. Badugu orain jende gaztea, gutxi baina prestatuta, gauzak aurrera ateratzeko. Aurretik gutxietsita zeuden sektore batzuk balioan jarri dira, dendetako langileak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak… Honek alde ona dauka, eta adibidez, osasusungintza publikoa garrantzitsua dela ikusarazi du.
Ostalaritzaren alorra ere hor dago.
Bi hilabetez itxita egon dira, eta laguntzak ere izan dituzte. Itxialdi hori gainditu ez duenak agian aurretik ere ez zuen aurrera egiteko aukera asko. Orain ikusi beharko dena da birusaren bilakaera, berriz etor ez dadin lehengo egoera. Segurtasun tartea betirako etorri bada, jatetxe edo tabernetako edukiera murriztu beharko da, eta hori ez bada bideragarria, beste modu bateko ostalaritza egin beharko da. Moldatu, moldatuko da sektore hori ere. Baina ez zait iruditzen ikaragarrizko kalterik jasoko duenik. Okerragoa da merkataritzaren egoera, baina horrek egiturazko arazoa du Amazonen lehiarekin. Ostalaritzak errazago emango dio buelta, merkataritzak berrasmatu beharko du pixka bat etorkizuna.
Enplegu asko dago bi alor horietan, industrian, proportzioan, gutxiago, hemen geroz eta jende gutxiagorekin produkzioa handiagoa delako. Horrek ahalbidetzen du beste alor batzuetan lan egin ahal izatea. Industria inportantea da, baina ez da enplegu alternatiba masiboa mundu osoan, zerbitzuak baizik.
Euskadi Irratia eta ‘Bertso geriatrikoa’
Kazetari izan nahi zuen Joseba Barandiaranek, baina ekonomiaren mundua aukeratu zuen azkenik lanerako. Hala ere, bizitzak bi arloak partekatzeko aukera eman dio.
Izan ere, kazetaritzari ez zion uko egin, eta hasieran afizio gisa hartu bazuen ere, mundu horretan urrats handiak egin ditu. Legazpi bertako Ene Bada! astekarian eman zituen lehen pausoak, Amerikako Estatu Batuetatik itzuli eta Bilbon ikasten ari zela; garai haiek intentsitate handiarekin gogoratzen dituela dio, jende asko eta oso ezberdina ezagutu zuelako eta oraindik askorekin harremana baduelako, nahiz eta Bilbon bizi den aspaldian. Ia hamar urteko ibilbidea egin zuen herri aldizkari euskaldun hari buruzko Wikipediako atala berak osatutakoa da, argazkiak sartzen ez ziotelako utzi atsekabetuta badago ere.
Euskadi Irratian hasi zen gero, ekonomia gaietan kolaborazioak egiten, Jaime Otamendiren eskutik. Gaur, zeregin horretan jarraitzen du, gustura gainera, irratiaren mundua oso atsegina duelako. Astean behin eta aktualitateak eskatzen duenean egiten ditu kolaborazioak, albistegietarako. Berria egunkarian ere badu bere txokoa, garai batean baita Argia aldizkarian ere, eta aldizkari honetan ere laster da hastekoa.
Bertsolaritza da lantzen duen beste arlo bat, afizio moduan. Bertsolari ote den galdetzen dio bere buruari: «Norekin alderatuta? Jakin behar duzu non zauden». Bilbon bertso kuadrilla bat du, ostegunero elkartzen dira azken 20 urteoan, ez da meritu makala. «Bilbon oso zaila da euskaraz den jarduera bat mantentzea». Bertso geriatrikoa deitzen diote umorez taldeari, adinean aurrera doazen lagunak direlako denak, bera da gazteena. Bertso afariak ere egiten ditu Barandiaranek, «urtean bi edo, urte onetan». Eta txapelketetan ere ibilitakoa da, tartean Bizkaikoan. Gai jartzaile modura ere saio ugari egindakoa da.
Aspaldian bizi da Bilbon eta ez du saltzeko hiri handia, baina Legazpi jaioterrira etengabeak dira bisitak.