German Urteaga Garmendia • Psikologoa eta Trans aktibista
Duela egun batzuk gertatu zen, uztailaren 4an hain zuzen ere, Kolonbiako Circasia herrian. 25 urteko gizon trans bat hil zuten tiroz, Mateo zuen izena. Egoera zaurgarrian zeuden pertsonei bazkaria banatzen ari zela izan zen erahila. Aktibista transa zen eta horregatik hil zuten, zena izateagatik eta aurpegia emateagatik. Barruak bira eman zidan albistea jaso nuen unean.
Pertsona transak erahil egiten gaituzte, modu batean ez bada bestean. Egia da, zaurgarrienak emakume transak direla, transfobiaz gain matxismoa bizi dutelako, eta egunero-egunero erailak izaten dira munduko leku desberdinetan.
Beste batzuek euren buruaz beste egiten dute, ez ez dutelako bizi nahi, baizik eta ez dutelako sufritzen jarraitu nahi. Ikerketek diotenez, trans pertsonen ehuneko 42 inguru saiatu da noizbait bere buruaz beste egiten eta hauetan lehen postuan daudenak gizon transak dira. Hala ere emakume transak ere oso gertuan kokatzen dira, datu hauek 18 urtetik 65 urtera bitartekoenak dira.
Adin txikikoetara joanez gero ikusiko dugu ipar-ameriketan egindako ikerketa batek dioenez, nerabe transen (11-19 urte bitartean) %50 baino gehiago (hau da, erdia baino gehiago) saiatu dela noizbait bere buruaz beste egiten.
Egoera oso larria da, suizidio-saiakera tasa izugarri altua da, eta noizbait hau burutik pasatu zaienena auskalo zenbatekoa den, hemen saiakerez ari bainaiz. Baina suizidioa ez dator bakarrik, horren atzean gauza asko daude, transfobia dago, pertsonak, legeak, jipoiak, hitzak, ideiarik ez daukaten zenbait mediku (beste batzuk zorionez guztiz kontrakoa dira)… Bizi ez duenak ez daki zer den hau, imajinatu ingurukoen babesik ez baduzu nolako infernua izango den, bestela ere hain gogorra bada.
Asko izan dira jipoituak, asko erailak, asko beren buruaz beste egin dutenak, eta asko egiten saiatu direnak edo noizbait burutik pasa zaienak. Kolektibo zaurgarria gara eta badirudi batzuk gehiago hondoratu nahi gaituztela, baina ezingo dute, ez diegu utziko. Garenagatik, izan zirenengatik eta izango direnengatik borrokan jarraituko dugu, hemen gaude eta geratzeko etorri gara. Izateko etorri gara. Eta bagara!
Zauden lekura besarkada bat Mateo.