Ibon Calvillo • Biok Zerbitzuak (Ordizia)
Urtebete beranduago, 2022an, iritsiko da TicketBAI (TBAI), dendariek egiten dituzten fakturak kontrolatzeko Ogasunak jarri duen sistema berria.
Zein eragin izango du honek?
Nire ustez izugarrizko garrantzia duen aldaketa da, gehienbat denda eta negozio txikiak Ogasunarekin dituzten harremanak zeharo aldatuko dira. Orain arte Ogasunari ematen dioten jardueraren informazioa egiaztatzeko Ogasunak duen baliabide bakarra ikuskaritza edo inspekzioa da. TicketBAI sistemaren zutabeetako bat bezeroak hartzen duen garrantzia da; izan ere, ematen zaion faktura edo tiket bakoitzean, QR kode baten bitartez egiaztatu ahal izango du faktura Gipuzkoako Foru Aldundiri bidali zaion ala ez. Modu horretan zerga betebeharrak betetzen diren jakingo du. Beste era garbiago batean esanda, bezeroek ikuskari edo inspektore eginkizunak bete ditzateke
.
Zer gertatzen da dendariek eta enpresek TicketBAI sistema erabiltzen ez badute?
TBAI erabiltzea behartuta dauden jarduera ekonomikoek martxan jartzen ez badute, kalte ekonomiko larriak edukiko dituzte ondoriotzat. Betebeharreko arau hausteak honako ondorio desberdinak ekarriko ditu:
- 1. Ogasunari entregatu beharreko fitxategia ez aurkeztea, edo bere osotasunean ez aurkeztea, eta kontserbazioa, eta bortxaezintasuna bermatzen ez duen sistema informatikoaren erabilpen ezagatik:
- 1.1: Aurreko ekitaldiko negozio zifraren % 20koa izango da isuna, 20.000 euro gutxienez.
- 1.2: Ogasunari bidali behar zaion informazioaren zati bati edo batzuei bakarrik lotuta badago arau haustea, 2.000 euroko isun finko bat araua urratu duen eragiteka bakoitzagatik.
- 2. Nahiz eta sistema informatiko egokiak erabili baina artxibo informatikoak suntsitu, ezabatu edo manipulatu bai eskuz edo prozesu informatiko baten bidez eginez gero:
- 2-1: Aurreko ekitaldiko negozio zifraren % 20koa izango da, eta 40.000 euro gutxienez. Kasu horretan gainera, administrazioak egiaztatzen badu softwarea garatu duen pertsonak edo entitateak parte hartu duela arau hauste horretan, 40.000 euroko isun finkoa izango du berak ere.
Hau guztia jakinda argi dago TicketBAI hitzak trending-topic bihurtu beharko lukeela gure ingurunean, dendari, enpresa eta aholkularien artean gutxienez. Zenbat eta lehenago ohitu hitz honetara, etorkizunerako prestatuagoak egongo garela esan nahiko du. Ez pentsatu gero, 2022an indarrean sartzen denez, ordurarte lasai egon gaitezkeenik. Norberak edo aholkulariak lagunduta, araudia ondo irakurri, betebeharrak aztertu eta jarduera ekonomikoak egokitu behar dira Ogasunarekin izango dugun erlazio berri honi.
Hala ere, onartzen dut, gaur egun, COVID-19 hitzak eta bere ondorio ekonomiko latzak garrantzi handiago dutela TicketBAI hitzak baino. Iritsiko dira garai hobeagoak. Animo!