Hiru dira ibilbide hau osatzeko balizko abiapuntuak: Itsasoko herrigunea, Mandubiako gaina eta Urteaga baserria. Aurrenekoa hasieratzat hartuta, eta Kizkitza gainera iristeko, Altzigarragako bidegurutzera jo beharra dago, eta beheraxeago dagoen iturria baliatu kantinplora betetzeko. Pagadi eder batetik gora eginez iristen da Kizkitzako gainera (664 m.), eta han baseliza eta itsasargia ikus daitezke. Mandubia jomuga hartuta, Arrobiatik jaits daiteke, Mandubizelaiko trikuharrien eremua bisitatuz.
Itzulera, berriz, Donostia-Arantzazu GR-34 eta Done Jakue Bidearekin bat egin daiteke, aurrez hainbat gune esanguratsu igaroz: Iminarriko bidegurutzea, Mendeun baserri-ondarea (XVI. mendekoa) eta Arrobizabal mendigainetik Urteaga baserria, azken hori ere XVI. mendeko zurezko ondare arkitektonikoa. Zirkuitua ixteko, Arrobizabalgo bidegurutzetik Itsasorantz hartu –garai bateko Itsaso-Arriaran herribidea– eta Miraballestik iristen da herri kaskora, Aizkorri parez pare dela.
Lurreko itsasargia, itsasotik urruti
Kizkitza baseliza 1622an eraiki zen, eta 1959. urtean su hartu ondoren, 1962an lehengoratu zuten itsasoarrek auzolanean. Itsasertzetik zuzenean 24 kilometrora badago ere, itsasargi bat du inguruan, eremu horretako pago-egurra eramaten zuten ontzigileek jarria.
IBILI
- Abiapuntua • Itsasoko plaza. Herri kaskoa 429 metrora kokatuta dago.
- Ibilbidearen ezaugarriak • Erraza. Itsaso-Kizkitza-Mandubia-Itsaso 8,5 km-ko ibilbide zirkularra, 355 metroko desnibel metatua du.
- Kizkitzako baseliza • Itsasargi eta guzti. Ibilbide toki garaiena (664 m.). Barneko itsasargi bat du, Tafirako porturik ekarria 1962an.