Aralarko Parke Naturalaren Lizarrusti parketxearen gainaldetik abiatzen da ibilbidea, 625 metrora. Abiapuntu seinaleak 2,4 kilometroko ibilbidea adierazten du Lareoko urtegiraino, 44 minutuan egitekoa. Ibilaldia labur geratuz gero, behin gora iritsita, presari itzulia ematea izan daiteke beste aukera bat. Bigarren aukera horren alde eginez gero, 6,8 kilometro osatuko lirateke, 165 metroko goranzko desnibelarekin. Haurren erritmoan, eta geldialdiak eginez, hiru orduren azpitik egiteko moduko ibilbide samurra da.
Akerretako tunela, ikazkinen bidean
Arrasto zuri-gorriek (GR 20-1 Aralarko Itzulia) erakutsiko dute bidea une oro, galbiderik gabe. Ordekan da ibilbidearen lehen ordu erdia, pagadien itzalpean, harik eta Allekuko Bira egiteko seinalearekin topo egin arte. Aurrera segiz, arroila itxura hartzen hasiko da orduan paisaia, estutu egiten da, eta ohartzerako Akerretako tunela azalduko da parez pare. Egurgileek eta ikazkinek karaitzean sortutako pasabidea da, bagoien bitartez pago-egurra burdinoletara garraiatzeko.
Hortxe hasten da maldarik pikoena, Maizegi errekaren ur-hotsa bidelagun dela. Minutu gutxiren buruan huraxe zeharkatzeko zubia dago, eta berehala 1989an eraikitako presaren lehen azpiegiturak. Azken maldak igota, Lareo ur-putzu handia azalduko da parez pare.
IBILI
- Abiapuntua • Lizarrusti parketxea (Ataun). Aralar Parke Naturalaren Interpretazio zentroa da, beste hainbat ibilbideren abiatoki ere badena.
- Ibilbidearen ezaugarriak • Erraza. Lareori itzulia eginez gero, 6,8 kilometro dira, eta 165 metroko goranzko desnibela.
- Lareoko urtegia • Bainua galarazita. Maizegi errekan har daiteke freskatua.
Lizarrusti parketxea
- Lekua. Lizarrusti mendatea (Aia, Ataun).
- Parketxea. Aralar parke naturaleko interpretazio zentroa. Jatetxea eta aterpetxea.
- Ordutegia. Asteartetik ostiralera (12:00-18:00) eta asteburuetan (10:00-20:00).
- Jarduerak. www.gipuzkoanatura.eus.
- E-posta. lizarrusti@gipuzkoanatura.eus.
- Telefonoak. 943 18 03 35 / 688 895 069.
- Sare sozialak. @gipuzkoakoparketxesareafundazioa eta @GipuzkoaNatura