Ezkioko Igartubeiti baserri museoa, XVI. mendeko euskal baserrien eta bertako bizimoduaren erakusle onenetariko bat da. Baina interes etnografikoaz gain, sagardoa egiteko garai bateko prozesua nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen du. Izan ere, dolarearen bueltan eraikitako baserria da Igartubeiti, hura baita etxearen bizkarrezurra. Dolare horretan, hainbat lagunen artean sagarra jotzen da aurrena, patxa osatuz. Gero, sagar pilaren gainean egurrezko oholak jarri eta prentsaren enborrak estutuz, zukua ateratzen da. Dolarearen eta prentsaren egurrak mugitzen direnean, baserriak aihene egiten duela dirudi. Azken prozesuan, ateratako muztioa barriketan fermentatzen uzten du, azukrea alkohol eta muztioa sagardo bihurtu dadin.
Emakume ekintzaileak eta Martintxo
Urtean zehar egiten dituzten erakustaldien bidez ezagutu daiteke langintza hori nolakoa zen. Igartubeiti baserria eta museoa ezagutzeko bisita gidatuez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte. Sagardo Astea eta Kirikoketa dira horren adibide.
Uda parterako, eskaintza berezia antolatu du aurten museoak. Uztailaren 31ra arte, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa ikusgai izango da museoan. Bost emakumeren istorioen bidez, emakumezkoek, askotan itzalean bada ere, sagardogintzaren munduan izan duten garrantzia erakusten du erakusketak.
Umeentzako eskaintzarik ere ez da faltako uda honetan. Izan ere, familian datozenei begira, Martintxoren freskagarririk gustokoena ginkana antolatu dute aurten. Hainbat azalpen eta pista jarraituz, baserri inguruan sakabanatuta dauden 7 QR kodeak aurkitu beharko dituzte, Martintxori bere freskagarria egiten laguntzeko. 6 eta 12 urteko umeentzat, jolas eginez ikasteko prestatu dute.
Goierriko sagardotegietan txotx
Behin sagardoa egiteko prozesua ezagututa, zer hoberik emaitza probatzea baino. Goierrin zazpi dolare sagardotegi daude, eta horietatik sei daude orain zabalik: Olagi (Altzaga), Urbitarte (Ataun), Aulia (Legorreta), Etxe-Zuri (Olaberria), Tximisita (Ordizia) eta Oiharte (Zerain) daude. Denek ere, sagardotegi ohiko menua eskaintzen dute, eta sagardoa txotxetik nahiz botilatik edateko aukera.
Azken urteetan, sagardotegiek hainbat berrikuntza egin dituzte, eta Goierrikoetan ere ikus daiteke holakorik. Bakailoaz eta txuletaz, parrillan egindako arraina eta bestelako platerak ere eskaintzen dituzte batzuk. Besteek, sagardoa eskaintzeko moduan sartu dituzte berrikuntzak, besteak beste, sagardoa latan merkaturatuta, edo izotz sagardoa bezalako produktu berriak garatuta.
DASTATU
Uda partean otordu on bat laguntzeko ez dago sagardoa bezalakorik. Goierrin, edari horren sorreratik bukaeraraino, prozesu osoa ezagutzeko aukera dago. Igartubeiti baserri museoan garai bateko dolare-baserrietan sagardoa nola egiten zen ikusi daiteke. Eta ondoren, zer hoberik prozesu horren emaitza sagardotegi batean probatzea baino, txuleta eder batekin batera.
Igartubeiti baserri museoa
- Helbidea. Ezkio bidea, z/g (Ezkio).
- Ordutegia. 10:00-14:00 eta 16:00-19:00. Igandeetan 10:00-14:00.
- Erreserbak. Telefonoa: 943 72 51 07. E-posta: igartubeiti@gipuzkoa.eus
- Bisita gidatuak. Egunero, 11:00etan (euskaraz), 12:30 (gaztelaniaz) eta 17:00 (eus/gazt).
- Emakume ekintzaileak sagardogintzan. Sagardogintzari lotutako bost emakumeren inguruko erakusketa ikusgai dago museoan, uztailaren 31ra arte.
- Martintxoren freskagarririk gustokoena. 6-12 urte arteko umeak dituzten familiei zuzendutako ginkana, udan zehar.