Ryan Murphy gidoilari eta zuzendari estatubatuarrak ikusleen artean hizpidea sortzea du helburu, istorio eta pertsona mututuen ahotsa pantaila txikira eramanez. Azkeneko hamarkada honetan oso proiektu interesgarriak eta ezberdinak plazaratu ditu, gustu ia guztiak asetzeko adina, eta aniztasun horren lau adibide ekarri ditut zutabe honetara.
- Glee, etxeko gazteenentzako moduko musikala. Institutu bateko koruko ikasleen gorabeherak kontatzen ditu, eta mota guztietako pertsonaiekin eta istorioekin bete ditu 6 denboraldiak. Azkenekoak astunegiak suerta daitezke, baina dibertigarria da bestela.
- American Horror Story, beldurrezko telesaila. Denboraldi bakoitzak istorio ezberdin bat kontatzen du: etxe sorginduak, amesgaiztoetako hotelak, sorginak, etab. Batzuk benetan dira beldurgarriak, besteak aldiz ez dira susto batzuetatik haratago joaten, baina behin ikusten hasita ezingo duzu utzi, izuaren atzaparrak harrapatu egingo zaitu eta.
- Pose, drama historikoa. 80 eta 90 hamarkadetako New Yorkeko ballroom-etan oinarrituta dago. Bertan, LGTBIQ+ komunitateko afro-amerikar eta hispanoek ezkutuan egiten zituzten festa eta desfileen inguruan sortutako familiak eta erlazioak lantzen dira. Eszena gordin eta bihozberen nahasketarekin pertsonaia guztiekin maiteminduko zara segituan.
- Hollywood, telesail laburra. 1940ko hamarkadan kanonak hautsiko dituen pelikula baten grabaketa du gai nagusi. Kontuan hartu behar da istorio eta pertsonaia batzuk benetakoak direla, eta horrek oraindik hunkigarriagoa egin du.
Aipatutako guztiak ikusgai daude Netflixen eta Hulun.