Asier Lasa • Arandia garajea (Olaberria)
Oporretara lasai joateko eta autoarekin arazorik ez izateko, oso garrantzitsua da autoari gutxieneko begiratu bat ematea, batez ere bidaia luzea egin behar bada. Izan ere, kontuan izan behar da, autoak esfortzu handiagoa egin beharko duela beroagatik, eta normalean, behintzat ondo kargatuta eramango dugulako.
Abuztu inguru hau lanerako garai ona izaten da gurean, eta horregatik komeni da autoen azterketa garaiz egitea, arazoren bat izanez gero, konpontzeko nahiko denbora izan dezagun. Azterketa sakona egiten ez bada ere, gurpilak, balaztak, eta olio eta likido mailak eta argiak dira ezinbestean begiratu beharrekoak.
- Gurpilen presioa eta egoera. Aztertu beharreko lehenengo gauzetako bat gurpilak dira, gure segurtasunerako ezinbestekoa baita gurpilak egoera onean izatea. Etengabe daude errepidearekin kontaktuan eta gurpilak zahartzen direnean, lehertzeko arrisku gehiago daukate. Beraz, gurpilen presioa eta egoera neurtu behar dira. Baina ez autoaren gurpilak bakarrik. Karabana edo kanpin-gurdiarenak ere bai. Arrazoi gehiagorekin gainera, denbora luzean geldi egoten baitira horiek.
- Balaztak edo frenoak. Segurtasunarekin lotuta, balaztak ere ondo begiratu beharrekoak dira. Egoera onean dauden –balazta diskoak eta pastilak– ikustea ezinbestekoa da bidaia luze bat hasi baino lehen.
- Olio eta ur mailak neurtu. Azkeneko olio aldaketa noiz egin zen begiratu, eta aldatzea tokatzen ez bada ere, olio mailak neurtu beharko ditugu. Hala, ondo kalkulatu beharko da, olioa aldatzea ez badagokigu ere, zenbat kilometroko bidaia egingo dugun. Olioaz gain, gainerako likidoen mailak ere neurtu beharko dira: urarena, balazten likidoena, parabrisen urarena…
- Argiak eta gomak. Gidatzeko ezinbestekoak dira argiak, batez ere, gauez gidatu behar badugu. Parabrisen gomak ere begiratu.