Joseba Sarriegi (Beasain, 1994) txikitatik ibili da futbolean. Hurrengo denboraldian Bergaran egingo du debuta Erregional Ohorezko Mailan.
Nola jaso zenuen berria?
Klubekoak jarri ziren nirekin harremanetan. Beasaingo kirol zuzendariak abisatu zidan lehenik. Ondoren, Bergarako entrenatzailearekin hitz egin nuen eta egun batzuk igaro eta gero, baietz esan nuen.
Zaila izan al zen erabakia hartzea?
Egun batzuk hartu nituen erabakiaren inguruan pentsatzeko. Aurreko urtean maila berdineko pare bat proposamen jaso nituen eta ezetz esan nien. Nire buruari erronka bezala jarri nahi izan diot maila horretan zer eman dezakedan jakitea. Nire laguna den Andoni Escalonak ere bertan jokatzen du eta berarekin hitz egiteak erabakia hartzen lagundu zidan.
Zer espero duzu aurrerantzean?
Hurrengo denboraldia ona izatea gustatuko litzaidake. Jakiteko dago oraindik ea taldean lagundu dezakedan nik eskaini ditzakedan dohainekin.Taldean giro ona egotea eta urte polita izatea nahi nuke.
Zer izan da Beasaingo Kirol Elkartea (BKE) zuretzat?
Dena, beasaindarra izanda dena. Txikitan aitarekin joaten nintzen partidak ikustera zelai zaharrera. Bertan jokatzeak sekulako ilusioa egin dit, eta ikasi dudan guztia BKEri zor diot. Erronka bezala hirugarren mailara iristea jarri nuen eta hori ere lortu dut. Nire taldea izan da eta izango da beti. Sekulako momentuak bizi izan ditut Beasainen. Jubenilen ohorezko mailatik Euskadiko Ligara iritsi ginen. Erregionaletik erregional preferentera igo ginenekoa ere gogoan dut.
Zerbait sumatuko duzu faltan?
Bai. Nirekin egon diren pertsonekin ez jarraitzeak pena ematen dit. Urte luzez egon naiz haiekin, oso gustura, eta faltan sumatuko ditut. Baita klubean lana egiten dutenak ere… Izenak esaten hasiko banintz ez nuke bukatuko. Besteak beste, entrenatzaileak-eta. Hala ere, uste dut aurrerapausoa izango dela niretzat. Eskerrak eman nahi dizkiot BKEri eman dizkidan urte guztiengatik. Inoiz ez da jakiten bizitzak zer dakarren, beraz, ikusiko da. Ni ilusioz beteta noa Bergarara.