Iratxe Irigoien (Gabiria, 1997) Farmazia Graduko ikasketak bukatzear den honetan, ohialen munduarekin saltseatzen hasi da. Ehunduz izeneko proiektu berri bat sortzeari ekin dio.
Zer darabilzu esku artean?
Ikasturte honi hasiera emateko asmoz Ehunduz proiektua darabilkit esku artean, proiektu honetan oihalekin eskuz eginiko osagarriak izango ditut helburutzat. Bertan, oihal ezberdinak erabiltzeko asmoa daukat: kotoizko oihalak, oihal afrikarrak…
Nola sortu zitzaizun ideia?
Ideia hau konfinamenduan zehar geundela etorri zitzaidan burura, amak oihalezko musukoak egin zituen eta berari laguntzen aritu nintzen momentu horretan, interesa piztu zitzaidan eta pixka bat tanteatzen hasi nintzen. Oraingoz oso gauza errazak josten hasi naiz, mototsekoak, poltsak… Baina kurtso honetan zehar josteko ikastaro batera apuntatu naiz gehixeago ikasteko asmoz. Horretaz gain, kurtso honetan denbora libre gehixeago izango dudanez, hobby moduan hasi dudan proiektua izango da.
Nondik datorkizu josteko zaletasuna?
Josteko zaletasuna familiatik dator, beti ikusi izan dut josteko makina martxan etxean. Amonak josten zuen, hark amari pasa zion interes hori, eta ondoren amagandik etorri zait niri ere. Egia da, konfinamendu aurretik ez niola arreta handirik jartzen, beti interesatu izan zaizkidan arren esku lanak. Konfinamenduan etxean horrenbeste denbora egin dugunez, denerako denbora zegoen eta momentu horretan piztu zitzaidan interes gehien. Eta orain hobby moduan bada ere, benetan dut gustuko.
Zeintzuk izango dira aurerrantzean emango dituzun pausoak?
Oso-oso proiektu berria da, oraindik oso biluzik dagoen proiektua, beraz janzteko asko falta zaio oraindik. Baina pixkanaka proiektua osatzen jarraituko dut. Kurtso honetan josteko ikastaro batean apuntatu naiz, joskintzaren mundua gehiago ezagutzeko asmoz.. Instagram bat ere sortu dut, eta bertatik apur bat promozionatuko dut nire burua, bertara igoko ditut egiten ditudan osagarri eta bitxiak. Gustura ari naiz eta proiektua hasteko ilusioz nago.