Zuzeneko musika saio batek sortzen duen giroak ez du parekorik. Pixkanaka-pixkanaka han eta hemen hasi dira kontzertuak antolatzen eta horren adibide dira Beasain, Ezkio eta Ordizia. Beasainen, Igartza Musika zikloaren barruan, Maider Zabalegi izango da irailaren 25ean, Igartzako jauregian. 14 urterekin, Alaitz Telletxearekin batera, Alaitz eta Maider trikiti-bikotea osatu zuen Zabalegik eta arrakasta handia lortu zuten 90eko hamarkadaren bukaeran. 2004an desegin zen bikotea eta 2017an bakarrik kantatzeari ekin zion oiartzuarrak. Zuei (2017) eta Bidean (2019) diskoak kaleratu ditu.
Bestalde, Ezkioko Igartubeiti baserriko dolarean, Gandeia taldeak musika eta dantza ikuskizuna egingo du, urriaren 3an, 18:00etan. Amaia Cordoba (pianoa), Yorrick Troman (biolina) eta Ion Irazoki (txistua) musikarien doinuen erritmoan ariko dira dantzan Lorea Lizarreta eta Oihana Santxotena.
Ordizian azkenik, lau kontzerturen zikloaren barruan, urriaren 8an, Amorante (Iban Urizar elgoibartarra) izango da Herri Antzokian, 20:30ean.