Iñaki Mendiguren • Ezkio
‘Ez-festak’ asmatu ditugunean, umetako festak gogoratu beharko. Homo faber bai, baina homo ludens ere bai, bestela ez gara homo sapiens!
Irailaren 29ko San Migel ezagutuko duzue gehienok, baina hori berri samarra da, aurretik maiatzaren 8an ospatzen zen San Migel; ‘adituen’ arabera, orduan agertu zen lehen aldiz goiaingeru dragoifoboa, 490. urtean, Gargano mendian (Italian). Kontua da Ezkion zintzo jarraitzen dugula udaberrian ospatzen, nahiz eta aurten COVID-19ak bazterrak nahastu.
Astebete lehenago-edo hasten ginen baserria (Igartubeiti) txukuntzen: armiarmak ihesi bidaltzen, kare-esneaz paretak zuritzen, ohe-azpian mendafina sartzen… Bezperan kanpai-hotsak dilin-dalan eta etxafuegoak danba! entzutean, orduantxe azeleratzen zitzaigun odola, hipertentsiorik ez genuen garaian… Egun berean goiz hasten ziren sukaldean usain gozoak zabaltzen, kolesterolaren kezkarik gabe… Oinez etortzen ziren bisitari ospetsuak aita zenak agurtzen zituen kamino-ertzean; adibidez, On Joxe Miel Barandiaran antropologo jakintsua, gure parroko ataundarrak meza nagusia eman eta bazkaltzera gonbidatua.
Oso jai xumeak ziren, urtetik urtera nobedade handirik gabeak: txistulariak herrigunea girotzen, mezatatik irtetean bertsolariak… Eta etxean gonbidatuekin bapo bazkaldu ondoren, arratsaldean berriz gora, jai-gunera. Sarri izaten zen apusturen bat: korrika, edo aizkoran, edo… gehienetan herriko gazteen artean, tabernan berotuta, erronkari hasi eta sortutako norgehiagokak.
Tentaziorik handiena… barkilleroa, baina haren negoziorako txanponak urri gure poltsikoan; Euskaltzaindiaren arabera, «premiarik gabe jaten diren gauza goxoak» omen dira litxarreriak; premiarik gabe agian, baina a zer balio afektibo, emozional eta sinbolikoa zuten izozki, erroskila, piruli… haiek larre motzean ohitutako umemokoontzat!
Dantza ere bazen, baina hartarako adina baino lehen, baserritik ihes egin edo bota egin ninduten, bi aldeentzako erabakirik onena, eta 10 urterekin kanpora ikastera. Beste 30 urte igaroko ziren hurrengo sanmigelak berriro Ezkion bizitzerako. Eta aurten birusak zapuztu behar!