Xegun Altolagirre • Gidoigilea eta sortzailea
Filmetako gidoiak sortzeko prozesuan ez dago formula magikorik. Baina badira abiapuntuak eta iragan beharreko hainbat mugarri. Agian ez lehen idazketa batean, baina bai berridazketan, nolabait ezer ahaztu zaigula egiaztatzeko.
Egin beharreko lehenengo gauza gure istorioko protagonista izango dena aurkeztea da. Pertsonaia bere konfort-zonan azaldu. Jendartea bera bere osotasunean ere izan daiteke. Orain pertsonaia gure istorioaren abiapuntuan duen konfort-zona hori zehaztea tokatzen da. Istorioa non kokatzen den nabarmendu behar izaten da hori gure kontakizunean gakoa bada, baina oraingo honetan ez, munduko edozein txokok balio digu. Otsaila, negua. Lanean gabiltza atzera eta aurrera; zuhurrenak agian aste santuko oporrak prestatzen; beste batzuk etxeko konponketak egiteko aurrekontu bila… bakoitzak berea. Eta konturatzerako, martxoa. Egoera goitik bera zapuzten da. Demagun, ez dakit ba nik… pandemia bat. Birus batek hankaz gora jarri du jendartea. Eskolak itxi eta etxean gordetzea behartzen gaituzte. Konfinamendua. Erosketak erdi ezkutuan, lana etxetik eta gerritik behera biluzik. Pantailak kanpoaldearekin dugun konexio bakarra… eta konturatzerako egoera xelebre berri horretara ohitzen gara. Bi hilabete ondoren kalera irteten uzten digute. Orain hau ez, baina hori bai. Ez zena, baiezkoa da gero. Eta zapla, pandemiak irribarrea aurpegitik ezabatu digu kolpean. Musukoaz ari naiz, begiekin irribarre egin zitekeenik ere, ezta?
Gidoigilearen formularen errepasoa. Pertsonaia bere konfort-zonan aurkeztu; konfort-zona hautsi eta konfliktoa sortu; egoera deseroso batean murgildu; eta ondoren egoera bitxi horretara ohitu.
Ondo da, egoera berrira ohitu gara. Musukoak gure ezpainen irribarrea estaltzeari, lagunak ukondoarekin agurtzea… Formularen arabera, orain arazoa nolabait gainditu dugunaren sentsazioa etorriko litzateke. Istorioa hasi dugunean genuen konfort-zonarekin ez du zerikusirik, baina irabazi izanaren pertzepzioa dugu. Eta… narrazioaren puntu honetan plot twist-a edo istorioko bira azalduko litzateke. Lortutakoa arriskuan jarriko lukeena. Kutsatze berriak, fokuak han-hemenka, arau hausturak… konfinamendu mugatuak han eta hemen, neurri berriak… eta puntu horretan gaude. Gure pertsonaiak zer egin ez daki.
Hemendik aurrera zer? Ba gidoigileari galdetu behar, inork ezagutzen badu. Formula zein den nik badakit, baina formula jarraituta ere ez da beti istorio arrakastatsu bat lortzen. Hori bai, behin kontalari bati entzun nion. «Istorioak gaizki amaitzen badira, oraindik amaitu ez diren seinale». Beraz lasai hartu, ondo amaituko da eta. Eta inork honen guztiaren gidoigilea ezagutzen badu, galdetu diezaiola asko iraungo ote duen, krispeta gehiago erosi ala ez zalantzatan nago eta.