Erreduretan eta azaleko inflamazio kasuetan erabili izan da belar hau, baita depuratibo moduan ere.
- Izen herrikoia. Belar beltza.
- Izen zientifikoa. Scrophularia nodosa L. (Scrophulariaceae).
- Ezaugarriak. San Pedro belarra izenez ere ezaguna, Europako jatorria duen landare espezie bat da, eta Ipar Amerikan ere naturalizatua dago. Basoetako leku hezeetan hazten da, baita heskaietan eta zingiretan ere. Landare belarkar bizia da, tuberkuludun sustraiak dituena. 60-90 cm altuerara irits daitezkeen zurtoin karratuak ditu. Hostoak, aldiz, obalatuak, zerradunak eta zorrotzak dira. Kaliza berdedun lore txikiak ditu, korola gorri edo moreduna, panikuletan bildua. Fruitua, berriz, kapsula bat da.
- Atal erabilgarriak. Errizoma erabiltzen da, eta batzuetan, hostoak eta loreak ere bai.
- Propietateak eta erabilpenak. Antiinflamatorio eta depuratibo moduan erabili izan da. Garai batean, zikatrizante eta eta hemorroideen aurka erabiltzen zen. Herri erabileran, erreduretan eta azaleko inflamazio prozesuetan erabiltzen da. Goilara txiki bat errizoma 200 ml. uretan egosi, eta egunean bi-hiru katilu har daitezke otorduaren aurretik. Loreak eta hostoak, berriz, infusio moduan hartzen dira. Infusioa aknearen tratamendurako erabiltzen da.
- Kontraindikazioak. Ez da ezagutzen, baina saponinoak dituenez arretaz hartu behar da, toxikoak baitira.