Jende asko Santiago-ko eta Inazio Deunaren erromes-ibilbidea itsu-itsu egiten ibiltzen da han-hemenka. Neuk nire mendi-irteera apaletan, erromesalditxo berezia egiten dut toki kutun batera, Kizkitzara, hain zuzen.
Gure gurasoek oso maite zuten tokia da, eta neu arrebekin eta gurasoekin, askotan, joan naiz bazter eder hartara. Urtero, Antiotik Beloki pasatu eta Atxurtza-ko bidea hartzen dudanean, zirrara berezi batek hartzen du nire barrua; pinu-multzo zabaletan banoa ere, bidezidor estuetan murgilduz aske doa nire gogoa. Bidean, basajaun garai baten antzera aurkezten zait Izazpi, eta begira geratzen natzaio, esanez: «Lasai, adiskide, iritsiko zaik hireganatzeko ordua, eta egingo diat bisita».
Bidez bide Atxurtzako iturrira iritsi, bertako antuxina bete, eta gogotik edaten dut ur freskoa! Atxurtza utzi eta aldapan gora noanean, inguruko mendiez gain, bazterrak begiratuz noa, eta toki haiek horren txukun egoteko baserritarren eta auzolanean jardundakoen pertsonen oroitza etortzen zait gogora; benetan zein lan fina hantxe egindakoa. Eskerrak horren lan eskerga egiten duzuen guztioi hemendixetik!
Gora eta behera aldapetan emanda, bide saila eginda, hor non aurkitzen dudan Kizkitza, eta azken maldatxoren ostean, nire jomuga. Heldu bezain pronto, lehen begiradatxoa eskailerak igo eta bertako ermitari eskaintzen diot; zinez, zein polit eta txukun zaintzen duten huraxe! Badakit, han, hamaika emakume perkatx eta maratz jarduten dela atonketa lanetan, eta margoketa lanetan hala nola kanpoko itxura apaina izateko lanbide horietan gizon-emakume multzoa. Hango izerdia zuria dela esaten duenak gogotik esaten du gezurra, han majo egin izan du askok lana, musutruk, bai alajaina! Bejondeizuela guztioi!
Ama Lurraren magal ederra
Arrantzaleek, aspaldidanik, bertako Ama Birjina gurtzen zuten bezala, Ezkio eta Itsasoko hala nola bestelako herriek beti izan dute gogoan txoko apal eta atsegina. Neuk Ama Lurraren magal eder hartan egonez, bakean egoteko txokoa aurkitu izan dut, beti, eta bazter haietan sentituz eta gozatuz, hamaika hausnarketa atsegin sortu izan zaizkit.
Gogoari atsegin eman izan diodan bezala, baita sabelari ere, garai batean otartekoa hantxe janez, baina, egun, plana beste era batean borobildu nahi izanez gero, Mandubi-ko Bentara joz. Kizkitzara behin joanez okasioak hala eskatzen du, ezta?
Joan, ikusi eta gozatu, zinez, ez duzu damurik izango eta!